Ainhoa Beristain eta Aritz Epelde herenegun udaletxean. (Nerea Uranga/Hitza)
Udal aurrekontuak zehazteko Denon Artean prozesu parte-hartzailea jarri du martxan aurten ere Azpeitiko Udalak. Dagoeneko herritarrekin auzoz auzo bildu dira udal ordezkariak, eta aste honetan arloz arlokoak hasi dituzte; Oñatz auzoko batzarra dute egiteko artean. Auzoz auzoko batzarren balorazioa «positiboa» izan dela azaldu dute Ainhoa Beristain eta Aritz Epelde zinegotziek: «Batzarretan parte hartu dutenek ere bileren inguruko balorazio positiboa egin dute, eta hori pozgarria da udalarentzat».
Auzoz auzoko bileretan 270 herritar inguruk hartu dute parte. «Herritar horiei eskerrak eman nahi dizkiegu, haien ekarpenekin Azpeitia hobeago bat eraikitzen laguntzeagatik». Oro har, auzoetako batzarretan giro ona eta jarrera parte-hartzailea izan dela nabarmendu dute udaleko ordezkariek. Ekarpen ugari bildu dute, «denak, herritarren eguneroko beharrei lotutakoak».
Egin dituzten batzarretan parte hartzeko ereduan sakontzeko nahia eta borondatea antzeman diote herritarrei. Esaterako, Loiolan auzo alkatearen beharra dagoela azaldu da, edota auzolanerako hainbat proposamen jaso du udalak.
Denon Artean prozesua iaz jarri zuen martxan Azpeitiko Udalak, «esperientzia moduan». Aurten prozesua «egonkortzen eta sakontzen» doala nabarmendu dute Beristain eta Epelde zinegotziek.
Bileretan parte hartu eta ekarpenak egiteko aukera izan dute herritarrek, baina ekarpenak edota proposamenak egiteko bide gehiago ere zabalduko dizkie udalak azpeitiarrek. Datozen egunetan etxez etxe galdetegi bat banatuko du, herritarrei parte hartzea errazteko. Galdetegia bete, eta horretarako jarriko diren buzoietan uzteko eskatu die udalak herritarrei. Galdetegiak beteta uzteko buzoiak honako tokietan izango dira: udaletxearen sarreran, Azpeitiko Udal Liburutegian, kiroldegian, Urrestillan Erretiratuen lokaleko Urrestillako Herri Batzordearen buzoian edota igerilekuan.
Internet bidez herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko ere
Azpeitiko Udalaren webgunean (azpeitia.net) egokitzapenak egin dituzte, eta nahi duenak bide horri hel diezaioke. Horrez gain,
denonartean.net helbidean ere prozesua jarraitu eta proposamenak egiteko aukera egongo da.
Arlokako bileren egutegia
Denon Artean prozesuko arloz arlokako bilerak herenegun hasi zituzten, eta hilaren 9a bitartean egingo dituzte. Dagoeneko kirol, parekidetasun eta kultur arloko batzarrak egin dituzte. «Eremu bakoitzeko gaien inguruan sakondu eta urte osorako bide orria zehazteko baliatu nahi dira arlokako batzarrak», azpimarratu du Epeldek.
Astelehenean, etorkinen alorreko batzarra egingo dute, 18:00-etan Baigeran eta turismokoa, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean. Asteartean, merkataritza arlokoa izango da, 15:00etan, Baigeran. Asteazkenean, ekonomiari buruzkoa, 19:00etan, Baigeran, eta ordu berean hezkuntzakoa Sindikatu Zaharrean.