Azpeitiko alkatearen eta alkate ohien eskutitza

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 31a, 18:06

Imanol Elias zena (Nerea Uranga/Hitza) Eskerrik asko, Imanol. Eta adiorik ez! Eskerrik asko! Horixe da buru-bihotzera datorkigun esateko bakarra une honetan. Eskerrik asko, Imanol. Eta adiorik ez! Gure herriko historiaren puska handi bat joan zaigu. Imanolen heriotzak tristura eta emozioa dakarkigu, baina, batez ere, harrotasuna: harro gaude gure herriak horrelako herritarrak izateaz. Ohorea da Imanol Eliasen herrikidea izatea. Berak bezala, herriaren alde egitea, Azpeitia maitatzea, azpeitiarrak izatea, «egin eta egin» jarraitzea… Garai hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da Imanolen figura eta baloreak azpimarratzea. Bidelagun izan genuen, iparrorratza izan zen, abertzalea, euskalduna, altxor humanoa... eta zenbat gauza gehiago! Bere bidea jarraitzen ahaleginduko gara, atzo baino indar gehiagoz, gaur, bere omenez. Poema ezagunak dioen antzera, Herritar batzuek herriaren alde egun batez lan egiten dute eta onak dira, beste batzuk urtebetez egiten dute lan herriaren alde eta hobeak dira urte luzez lan egiten dutenak ere badaude eta horiek oso onak dira baina badira bizi guztian herriaren alde lan egiten dutenak: Eta horiek, horiek ezinbestekoak dira. Horietakoa zen Imanol, ezinbestekoetakoa. Ohorea izan da Imanol, eskerrik asko. Luciano Lazkano, Jose Maria Bastida, Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin eta Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkate ohiak eta alkatea). Azpeitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide