Kaldereroen konpartsan Azpeitiko Gaztetxeak ere parte hartuko du aurten

Nerea Uranga 2013ko urtarrilaren 30a

Iazko kaldereroen konpartsan parte hartu zutenen irudi bat. (Nerea Uranga/Hitza) Inauteriak ate joka dira, eta trapu zaharrak kalera ateratzeko garaia iritsi da. Asteburuan kaldereroen festa izango da Azpeitian. Larunbatean 19:00etan abiatuko da kaldereroen konpartsa Aranetik. Aurten gainera, festa indartu egingo da, Azpeitiko Gaztetxeak eta Haujijijai festa batzordeak kalderero egunerako egitaraua antolatu baitute, elkarlanean. Ostiralerako kaldereroetarako entsegua antolatu dute, 19:00etan, Gaztetxean bertan. Han, larunbaterako konpartsarako prestaketak egingo dituzte. Larunbatean, berriz, konpartsan irten aurretik Gaztetxean, txotxarekin lagunduta afari merienda egiteko elkartuko dira, 17:30ean. Ondoren, Gaztetxetik irten eta kaldereroen konpartsarekin bat egitera joango dira Aranera. Azpeitiko Gazte Asanbladatik inauterien aurreko kaldereroen festan parte hartzera animatu dituzte herriko gazteak. Aurreko urteetan bezalaxe, larunbateko kaldereroen konpartsan Azpeitiko Musika Bandak ere parte hartuko du eta bi karro aterako dituzte, astoekin. Haurren taldea gidatzen Ignacio Regil Matxote-k irtengo du. Aranetik irten eta aurrena San Martin egoitzara bisita egingo dute kaldereroek. Ondoren, plaza nagusira joan eta alde zaharreko kaleetan kalejira egingo dute. Bukaera, herriko plazan emango diote. Kalejiran, Trapu zaharrak eta Kalderero martxa abestuko dituzte. Larunbateko festa goizaldera arte luzatzeko aukera ere egongo da. Sanagustin kulturgunean UK Bill eta Lauroba taldeen kontzertua izango baita, 23:00etan. Inauterietako kontzertua Igandean, berriz, Azpeitiko Musika Bandak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak inauterietako kantuen emanaldia dute, 13:00etan, Sanagustin kulturgunean. Bi taldeen emanaldia ari den bitartean, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek herriko inauterietan ateratako argazkiak proiektatuko dituzte. Igande arratsaldean, Bebe akustikoan kontzertua izango da Sanagustinen. 20:00etan hasita. Artzain inudeetarako deia Inauterietako Elegante Eguneko artazin inudeen konpartsarekin danbor-joleen taldea osatzeko deialdia ere egin du Udaleko Festa Batzordeak. Danbor taldearen entseguak ostiralean eta otsailaren 7an izango dira, 20:30ean, Itsasi dantza taldearen egoitzan. Danborra jotzen irten nahi dutenek entseguetara azaldu besterik ez dute. Aldiz, izena eman nahi dutenek udaletxera, kultura bulegora jo behar dute, edota 943-157068 telefono zenbakira deitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide