Anaitasuna-Lagun Onak taldeen derbia, iaz, irailean. (Argazkia: Julen Olaizola)
Lagun Ona eta Anaitasuna taldeak aurrez aurre izango dira larunbatean. Hogeita hamar urte eta gero, Azpeitiko taldeak Azkoitikoa jasoko du etxean, futboleko Espainiako Hirugarren Mailako bigarren itzuliaren barruan egingo duten derbian. 18:00etan izango da partida, Garmendipe futbol zelaian, eta aurretik David Tejera eta Iñigo Saizar Lagun Onakeko jokalari ohiak omenduko dituzte, taldean egin duten ibilbidearengatik. Lagun Onak futbol taldearen urrezko intsignia ipiniko diete biei.
Lagun Onak taldea hamabigarren postuan dago, 23 punturekin; azkoitiarrek baino bost gehiago dituzte. Lagun Onak-eko entrenatzaile Asier Olaizolak adierazi du «ilusio eta gogo handiz» irtengo direla bihar zelaira. «Etxean partida irabaztea eta Anaitasunarekin dugun abantaila handitzea da gure helburua», adierazi du. Izan ere, Garmendipen norgehiagoka bakarra irabazi dute, eta zaleei «saria» eman nahi diete biharkoan. «Gustura» dago taldea orain arte egindako lanarekin, mailari eustea baitu asmoa, eta horretarako bidean direla uste dute kideek. Hala ere, Olaizola jakitun da bi taldeak «berdintsuak» direna. Hori hala, «edozeinek irabaz dezake». Anaitasuna, berriz, norgehiagoka irabazteko premian da, ligako azken aurreko postuan baitago. Beraz, azkoitiarrak «dena ematera» irtengo dira zelaira.
Klubaren Eguna
Lagun Onak taldeak Klubaren Eguna izendatu du biharkoa. Hala, bazkideei ohartarazi die sarrera ordaintzerakoan bazkide txartela erakutsi beharko dutela. Leihatila 17:00etan zabalduko dute.
Irailean jokatu zuten lehen itzuliko derbia bi taldeek, Azkoitiko Txerloian. Partida parekatua izan zen arren, Azpeitiko taldea atera zen garaile, Alain Guridi futbolariaren golari esker.