Gaur izango da Etxeberritxoren hileta, Azpeitian

Nerea Uranga 2013ko urtarrilaren 25a

Inazio Bastida Uranga Etxeberritxo azpeitiar pandero-jotzailea atzo zendu zen, 70 urterekin, bihotzekoak jota. Panderoarekin bere kasara hasi zen umetan, baina ibilbide oparoa egin zuen hainbat trikitilariren alboan. Haren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da, 19:00etan, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. 1979an, Epelarre lagun zuela Euskadiko Trikitixa Txapelketako finalerdietara iritsi zen. Urte hauetan guztietan soinu-jole askorekin ibili izan zen, plazarik plaza. Azkenaldian, batik bat Joakin Errasti Epelarre azkoitiarrarekin eta Astiasaran anaiekin ibili zen. Esne Beltzaren Esne zopak proiektuan ere parte hartu zuen, eta zenbait zuzenekotan aritu zen Xabi Solano musikariarekin batera. 1986an Argia aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean hala zioen Etxeberritxok bere hastapenez: «Nik egia esan behar baldin badut... bost urterako... gure etxean erregetan turroi-kaja bat jartzen ziguten, eta harekin jostatzen hasi, eta, orduan gainera panderorik ez zen, eta horrekin jostatzen hasi nintzen. Gero batetik bestera ibilita sortzen zen panderoa zeukan baten bat, eta hari ukitu pixka bat eta horrela. Gero hamahiru urterekin edo eskuratu nuen panderoa, eta harekin hasi nintzen pixka bat. Sakabi eta Egañazpi hasi ziren pareja, eta Laja eta biok ere orduan hasi ginen». Aroztegian jarduten zuen lanean, eta lan ezbehar baten ondorioz behatzak moztu zituen. Ondorioz, urte batzuetan panderoa utzita egon zen. Hala zioen Argia-ri emandako elkarrizketan: «Aroztegian egiten nuen lana, eta zoritxarrez gertatu zitzaidan behatzak moztu beharra. Nere panderoak han gelditu ziren! Hemezortzi urtean batere jo gabe egon nintzen, baina tira egiten du, eta azkenean berriz hasi nintzen». Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hau adierazi du: «Etxeberritxorentzat bizipoz iturrietako bat izan da trikitixa eta panderoa, eta hala transmititu izan du oholtza gainean zein afari giroan ere. Soinu hotsa entzun orduko, piztu egiten zen gizona. Bere pandero mugimendu bereziarekin, berehala alaitzen zituen inguruko guztiak». Hainbat omenaldi Bere ibilbidean zehar hainbat aldiz omendu zuten Etxeberritxo. Besteak beste, 1986ko martxoan Trikitilari Elkarteak egin zion aitortza Azpeitian, Epelarrerekin batera. 2010eko Sanjosetako Trikiti jaialdian, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Azpeitiko 36 trikitilari omendu zituen; tartean, Etxeberritxo. 2011ko ekainaren 12an, berriz, Azkoitian Martirieta auzoko Pentekoste jaietan ere omendu zuten Etxeberritxo azpeitiar panderojolea, Iñaki Garmendia Laja eta Cruz Mari Alberdi Poxpi-rekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide