Entseguekin jo eta su ari dira heldu nahiz haur larunbaterako eta iganderako prestatzen (Ane Olaizola/Hitza)
EGITARAUA
Urtarrilak 16, asteazkena
- 16:00. Haur danborradarako entsegua, Izarraitz pilotalekuan.
- 21:00. Helduen danborradarako entsegua, Izarraitz pilotalekuan.
Urtarrilak 17, osteguna
- 16:00. Haur danborradarako entsegua, Izarraitz pilotalekuan.
- 21:00. Helduen danborradarako entsegua, Izarraitz pilotalekuan.
Urtarrilak 19, larunbata, San Sebastian bezpera
- 22:15. Helduen danborradaren irteera, Olazko Andra Mariaren plazatik.
- 24:00. Helduen danborradako talde guztiak plazan elkartuta dauden bitartean, udaletxeko balkoian herriko bandera igoko dute.
Urtarrilak 20, igandea, San Sebastian Eguna
- 09:00. Izarraitz Txistulari Elkarteko txistularien eta Juan Antxieta Musika Eskolakoen goiz eresia.
- 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danbor taldeen eta Azpeitiko Musika Bandaren eta Juan Antxieta Musika Eskolako txilibiteroen kalejira.
- 10:15. Udal korporazioa, udaletxetik parrokiara joango da.
- 10:30. Prosezioa, Sebastian Deunaren parrokiatik irtenda Alde Zaharrean.
- 10:45. Meza nagusia, parrokian. Olazko Amari zuzendutako meza, Parrokiko abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute. Organo-jotzaile Jose Luis Frantzesena ariko da.
- 12:00. Sokamuturra, herriko plazan. Arno ganadutegiko zezenak.
- 12:30. Haurren danborrada, Aranetik eta Artzubiatik irtenda, karrozarekin.
- 16:30. Sokamuturra. Arno ganadutegiko zezenak.
- 18:15. Aspeko pilotarien pilota partidak, Izarraitz pilotalekuan. Olazabal-Arruti eta Tainta-Ladis Galarza aurrena. Ondoren, Retegi II.a- Peñagarikano eta Idoate-Larrinaga.
- 22:45. Bandera jaisteko danborradaren irteera, Sanjuandegitik irtenda. Egingo duen ibilbidea da: Sanjuandegi, Olazko Andre Mariaren plaza, Enparan kalea, Erdikalea, Elizkalea, Done Jakue kalea eta herriko plaza.
- 24:00. Bandera jaistea, herriko plazan.
Urtarrilak 21, astelehena
- 12:00. Sokamutur txikia,Erdikaletik herriko plazara. Zezen Beltzek antolatuta.
- Ondoren. Zezen txikiak eta poniak, herriko plazan. Arno ganadutegiko ganaduarekin, Zezen Beltzek antolatu eta ordainduta.
- 16:00-20:00. Haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 16:30. Sokamuturra. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak.
Lehen danbor hotsak hasi dira Azpeitian. Dagoeneko ikastetxeetako entseguak hasi dira, baita Izarraitz pilotalekukoak ere, haurrenak eta helduenak. «Azpeitiko sansebastianak herritarren parte hartze handiena duten festak dira. Helduek eta haurrek hartzen dute parte, gainera», azaldu zuen Mikel Ibarzabalek, Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak. Krisi egoera kontuan hartuta, egoerara egokitutako festak direla ere nabarmendu zuen Ibarzabalek herenegun, udaletxean sansebastianak aurkezteko egindako agerraldian. «Festa egingo dugu, baina beti ere aurrekontuari begiratuta antolatuta», azaldu zuen.
Danbor festa larunbatean lehertuko da, helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plaza ondotik abiatzen denean, 22:15ean. Aurten ez da danbor talde berririk izango, eta iaz bezalaxe gastadoreen taldeaz gainera 26 danbor taldek hartuko dute parte
helduen danborradan. Hurrenez hurren, honela aterako dira taldeak: Gastadoreak, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiola Bide Zahar, Oñatzbideko Gastadoreak, Zulo Zabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza eta Herrira.
‘Mandioko polka’-k 25 urte
Talde berririk ez, baina joko dituzten piezen artean bada berrikuntzarik aurtengo San Sebastian bezperan. Joxe Mari Gurrutxaga Pildain
Txokolo zenaren
Goizeko izarra joko dute lehen aldiz danborradan. Azpeitiko Musika Bandaren zuzendari Unai Frantzesenak moldatu du nuarbetarrak sortutako pieza danborradan jotzeko. Txokolo zenaren bilobek eskerrak eman dizkiete udalari, Frantzesenari eta danborradan parte hartuko duten taldeei. «Azpeitiarra da pieza, eta horretaz gain
Goizeko izarra oso-oso ezaguna da, txistulariek-eta askotan jotzen dutelako goiz eresian. Jose Mari Altuna zenak bandarako moldatu zuen lehenbizi, , eta nik danborradarako egokitu dut», azaldu zuen Unai Frantzesenak. Txokolo zenaren beste pieza bat ere jotzen dute danborradan:
Diana txikia. Pieza berriak daudenez, entseguetan parte
hartzera animatu zituen Ibarzabalek danbor-jotzaileek. «Entseguetarako muntaiak ere dezenteko kostua du», gaineratu zuen Festa batzordeburuak.
Bestetik, Jose Luis Frantzesenak sortutako
Mandioko polka doinua aurten 25. urtez joko da Azpeitiko danborradan.
Helduen danborradako taldeak kalerik kale ibili ondoren, denak herriko plazan elkartuko dira, urtero bezala. Orduan herriko bandera igoko dute udaletxeko balkoian. Hurrengo egunean, San Sebastian egunez, urtero bezala goizean goiz Ardozaleak eta Gure Ametsak danbor taldeak kalejiran ibiliko dira, herriko musika bandarekin batera. Soreasuko Sebastian deunaren parrokiko meza nagusiaren aurretik prozesioa egingo dute Alde Zaharrean.
Ondoren, 12:30ean, haurren danborradaren txanda izango da. Bertan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Iraurgi Ikastetxea eta Azpeitiko Ikastola Ikaberriko taldeez gainera, Itsasiko eta Juan Antxieta Musika Eskolako danbor taldeek hartuko dute parte. Gastadoreen taldea Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleek osatuko dute aurten eta karrozan ere ikastetxe horretako ikasleak joango dira.
Aurtengo San Sebastian eguneko karrozak Joan Antxieta irudigilea izango du gogoan, eta Leire eta Goretti Iriartek diseinatutakoa izango da. Aurten Antxieta hil zeneko 425. urteurrena betetzen da.
Zortzi talde bandera jaistean
San Sebastian eguneko bandera jaisteko helduen danborrada, iaz bezalaxe Sanjuandegitik irtengo da 22:45ean, gero Jose Artetxe kaletik Alde Zaharrera joateko. Aurtengo honetan zortzi taldek irtengo dute. Aurten irtetea egokitu zaien taldeak Herrira, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak eta Barratsu dira. Baina, igandea denez nahi duten gainontzeko taldeei ere irteteko aukera eman zaie eta bi azaldu dira prest: Alkartasuna eta Oñatzbideko gastadoreak.