Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak eta Aldundiko ordezkariak Sagardo esperientziak! ekimenaren aurkezpenean. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Txotx! denboraldia hastear da. Azpeitiko Añota sagardotegian bihar irekiko dituzte kupelak; Hernanin, asteburu honetan, eta Astigarragan, berriz, datorren asteazkenean. Sagardoaren kulturak milaka zale mugitzen ditu urtero-urtero, eta urtarrila eta apirila bitartean gogotik betetzen dira sagardotegiak. Dastatze hutsaz harago, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak pauso bat eman du aurrerantz, eta Eskualdetako Turismo Garapenerako Elkarteekin eta Gipuzkoa Turismorekin elkarlanean, turismo munduari ateak ireki dizkiote. Aurrerantzean, elkarteko hamar sagardotegik bisita gidatuak eskainiko dituzte,
Sagardo esperientziak! lelopean. Eskualdeko bi upategi daude horien artean: Añota bera eta Aiako Satxota.
Bisitariei sagardoaren eta sagardotegien mundua gertutik ezagutaraztea du helburu ekimen berriak. Sagasti, sagardotegi eta sagardoaren inguruan dagoen antzinako tradizioa ez ezik, sagardoa egiteko prozesu osoa erakustea: sagar bilketa, muztioaren ekoizpena, hartzidura kupelean, dastatze saioak eta botilaratzea, hain zuzen ere.
«Sagardotegiak erakargarriak dira turistikoki, ezberdinak direlako», nabarmendu zuen Aldundiko Turismo zuzendari Roke Akizuk programaren aurkezpen ekitaldian. «Bisitariarentzat kultura ezberdin batean murgiltzeko modua da, parte hartzaile sentitzen den ekitaldi batean».
Sagardotegietako turismoa sustatzeaz gain, zonaldeko beste eragile turistikoekin elkarlana bultzatu nahi du programa honek, bisitariari «produktu aberatsagoak eta zabalagoak» eskaini asmoz. Horrela, zenbait sagardotegi hasi dira pakete turistikoak sortzen Gipuzkoako baliabide turistikoekin: Igartubeiti Baserri Museoa, Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa, D’elikatuz, Zerain Dezagun Fundazioa, Irun Aloja eta Nekaturrekin.
Bihar, Añotaren irekiera
Azpeitiko Añota sagardotegian bihar emango diote hasiera sagardotegi denboraldiari, 20:30ean hasita. Urtero legez, bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute kupelaren irekiera eta afaria, eta afalostean Kupela taldearen erromeria izango da. Afarian parte-hartu nahi dutenek Añotan bertan eman beharko dute izena, 943-81 20 92 telefono zenbakira deituz.