Sei hilabete eta erdi greban egon ondoren, joan den ostiralean lanera itzuli dira Corrugados Azpeitiako langileak, baina urtarrilaren 15a arte oporrak eman dizkiete. Enpresa Batzordeari esan diotenez, zuzendaritza aste honetarako bilera bat antolatzen ari da erakundeetako ordezkariekin eta Enpresa Batzordearekin. Atzo eguerdian oraindik bilera baterako deirik ez zuten jaso langileen ordezkari sindikalek.
Ostiralean goizeko 07:30ean elkartu ziren herriko plazan Corrugadoseko langileak, greba bertan behera utzi eta lanera joateko. Plazatik manifestazioan joan ziren Azpeitiko plazatik Landetara, enpresaren sarrera nagusira. 07:57ak inguruan iritxi ziren enpresaren atarira. Ordurako, enpresako bulego batzutan argia piztuta ikusten zen, eta sarrera nagusiko ateak zabalik zeuden. Kaletik etorri bezalaxe, pankarta aurrean hartuta sartu ziren langileak plantara. Barruan, ordu laurden ingurun langile guztiak bilduta egon ziren eta 08:15ak aldera kalera atera ziren. Enpresatik irten orduko oporrak eman zizkietela azaldu zuten langileek. Ondoren, Enpresa Batzordeko LABeko Esteban Kanposek eta ELAko Imanol Arrojeriak azalpenak eman zituzten bertan bildutako hedabideen aurrean. Urtarrilaren 15a arteko oporrak eman dizkietela eta hori langileei azaltzera enpresako inor ez zela azaldu kritikatu zuten Enpresa Batzordekoek, «nagusietako inor ez da azaldu langileei azalpenak ematera eta hamar eguneko oporrak dituztela aurrez aurre esatera».
Langile bakan batzuk ostiralean hasiko ziren lanean, «paper kontuak egiteko eta segurtasuneko mantenu lan batzuetarako», azaldu zuten langileen ordezkariek.
Horrez gain, aste honetarako bilera bat antolatzen ari direla esanez joan den ostegunean zuzendaritzaren mezu bat jaso zutela azaldu zuten Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek, «telefonoz eta posta elektronikoz jasotako mezu sinple batez azaldu digute hori». Batzarra, zuzendaritzaren, Enpresa Batzordearen eta erakundeetako ordezkarien artean egiteko asmoa dute enpresako buruek. Baina, atzo eguerdian oraindik zuzendaritzaren deirik ez zuten jaso Enpresa Batzordekoek.
Corrugados Azpeitiako langileek «negoziazioaren mesedetan» utzi dute greba mugagabea, baina borrokan segitzeko asmoz.