San Tomas egunez, Azpeitiko plaza jaiak hartuko du

Nerea Uranga 2012ko abenduaren 20a

[caption id="attachment_53402" align="alignleft" width="350" caption="Egitarau betea antolatu dute biharko (Ane Olaizola/Hitza)"][/caption] Egitaraua Abenduak 21, bihar
  • 10:00. Izarraitz txistulari taldekoen goiz eresia.
  • 10:30. Ilunpeko pilotarien esku pilotako finalak, Frontoi Txikian. Benjamin aurrekoak buruz buru ariko dira: lehen urtekoetan, Larrañaga eta Errasti eta bigarren urtekoetan, Eizagirre eta Sasieta; benjaminetan binaka, Egiguren eta Labakak Elosegi eta Andreuren aurka jokatuko dute; alebinetan, Gurrutxaga eta Aranzetak Alberdi eta Odriozolaren kontra; eta, infantiletan, Egiguren eta Alberdik Iriarte eta Etxeberriaren aurka.
  • 11:00.  Azpeitiko Musika Bandaren kalejira eta Eltziegoko gaita-jotzaileak.
  • 11:00.  Herriko plazan txistorra pintxoen eta otartekoen eta taloen postuak.
  • 12:00. Azpeitiko XXX. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslearen Sariaren banaketa, udaletxean.
  • 12:00. Azpeitiko Gazte Asanbladak eta Haujijijai Festa Batzordeak antolatuta, karro eta sagardoarekin kalejira, Etxe Zuritik irtenda.
  • 12:00. Azpeitiko udazkeneko baserriko produktuen azoka berezia, azoka plazan.
  • 12:00. Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleen kalejira.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, herriko plazan. Aizkoran, Larrañaga (Azpeitia) eta Olasagasti (Igeldo) aizkolariak eta harri jasotzen Aimar Irigoien (Errezil) eta Goenatxo II.a (Azkoitia) harri-jasotzaileak ariko dira. Aurkezle lanak, berriz, Juanjo Sagastibeltzak egingo ditu. Bertsotan, Sebaxtian Lizaso gai-jartzaile dela, Iñaki Murua, Amaia Agirre, Milan Telleria eta Beñat Lizaso ariko dira.
  • 12:00. Itsasiko tuntturroen eta Juan Antxieta Musika Eskolako soinu-jotzaileen kalejira.
  • 13:00. Erraldoi, buruhandi eta dultzaineroen kalejira.
  • 18:00. Azpeitiko Gazteen XII. Dantza Suelto txapelketa, Sanagustin kulturgunean izango da.
20:30-24:00. Ingo al deu musika taldearekin erromeria, Frontoi Txikian. Bihar, San Tomas egunez, egun beteko festa izango da Azpeitian. Goizean goiz hasi eta gauerdira bitartean hainbat ekitaldi izango da herriko plazan eta inguruetan.  Azpeitiko Festa zinegotzi Mikel Ibarzabalek azaldu duenez, San Tomas eguneko festa herriko hainbat talde eta eragileren elkarlanari esker egiten da. Horregatik, haien parte-hartzea eskertu du udalak: «Elkarlanean San Tomas eguneko egitarau zabala osatu dugu. Udalak bere kabuz, eragileen eta taldeen parte hartzerik gabe, ezingo luke guztia antolatu. Horregatik, partaidetzak duen garrantzia azpimarratu eta eskertu nahiko genuke». Era berean, herritarrak San Toomas eguneko ekitaldietan parte hartzera eta gozatzera animatu ditu. Izarraitz Txistulari Taldekoen kalejirarekin hasiko da jaia. Ilunpe Pilota Elkarteko pilotari gazteen arteko finalak jokatuko dira Frontoi Txikian, 10:30ean hasita. Benjamin aurrekoetatik infantil mailara artekoen pilota partidak izango dira. Ordurako, herriko plazan, txistorra eta taloak saltzeko postuak martxan izango dira. Zazpi postu egongo dira aurtengoan: Urola Ikastolarena, Azpeitiko Ikasberri Ikastolarena, Iraurgi Ikastetxearena, Baigera Erretiratuen Elkartearena, Itsasi Euskal Kultur Taldearena, Herrirarena eta Oñatiko unibertsitateko talde batena. Horiez gainera, beste eragile batzuren materiala saltzeko postuak egongo dira plazan. Azoka berezia Azoka plazan, berriz, udazkeneko produktuen azoka berezia egongo da goiz osoan zehar. Inguruko baserrietako barazkiez eta fruituez gainera, lekaleak, eztia, gazta, ogia, gozoak eta ukenduak ikusi eta erosteko aukera egongo da bertan. Guztira, 40 postu inguru jarriko dituzte, eta tartean Baserritik.com-eko ekoizleen produktuena. Eguerdian, herriko kirol jaialdia eta bertsolarien saioa izango da herriko plazan. Aizkoran Larrañaga eta Olasagasti ariko dira. Aimar Irigoien eta Goenatxo II.a harri-jasotzaileen ikuskizuna ere izango da: Hauek, 125 kiloko zilindro zaharra, 200 kiloko errektangularra, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izango dituzte altxatu beharrekoak. Arratsaldean, berriz, Azpeitiko Gazteen XII. Dantza Suelto Txapelketa jokatuko da, 18:00etan hasita. Azken urteetan ohi bezala Sanagustin kulturgunean izango da, eta bertako ateak 17:30ak inguruan zabalduko dituzte. Hamasei bikote 9 urtetik 15 urtera arteko 16 bikotek hartuko dute parte txapelketan. Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Lezotik etorritako dantzariak ariko dira kulturguneko oholtza gainean. 13 bikote herrikoak bertakoak izango dira. Azpeitiko Izarraitz Txistulari Taldekoek jotako piezak dantzatuko dituzte eta epaimahaia Euskal Dantzari Biltzarrekoa izango da. Parte hartzaile guztiek jasoko dute garaikurra eta 100 euroko saria. Lehen bost bikoteek 200 euro eta 140 euro arteko sariak eskuratuko dituzte. Bikote irabazleak zapia eta txapela eskuratuko ditu, eta neska eta mutil dantzari onenek sari berezia jasoko dute, Azpeitiko Udalak eta Domusak emandako laguntzari esker. Horrez gain, Azpeitiko eta Errezilgo jatetxeek eta merkatariek emandako laguntzari esker bestelako hainbat sari jasotzeko aukera izango dute dantza txapelketan parte hartuko dutenek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide