Joxe Agirre bertsolari azpeitiarra hil da

Urola Kostako Hitza 2012ko abenduaren 15a

[caption id="attachment_53205" align="alignleft" width="300" caption="Joxe Agirre bertsolaria artxiboko irudi batean"][/caption] [Berria] Joxe Agirre bertsolari azpeitiarra hil da gaur goizean. Alabarekin gosaldu ondoren, zorabio bat izan du, eta hil egin da. Azkenaldian ez zebilen ondo osasun aldetik. 83 urte zituen. Hil honen 23an Erniarraitz Bertsozale Elkartea hari eta Imanol Lazkanori eta Joxe Lizaso zenari omenaldi bat egitekoa zen Azpeitian, Sanagustin kulturguneko bertso saio batean. 60 urte pasa egin du Agirrek bertsotan, plazan, eta oso bertsolari maitatua zen. 2004an Uztarria Azpeitiko kultur koordinakundeak elkarteko ohorezko bazkide egin zuenean, Agirrek ekitaldian bertsotan esan zuen ez zuela merezi omenaldirik, "beti" egin izan duena daukan "pixka bat" hori ematea izan dela, eta ohartzen dela "oraindik herriak maite" duela. 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Agirrek, bertsotan egiteko aprobetxatu zuen aukera, eta bertso bat ez, baizik eta lau bota zituen. BECeko bertsozaleek txalo zaparradaz eskertu zioten. Euzkitze: "Arraza jakin bateko azken bertsolaria" Xabier Euzkitzek bere Twitterrean idatzi du abenduaren 6an Oñatiko Gaumendi baserrian lagunartean kantari aritu zela Agirre. "Haiek izango zituen azkenak". "Izarraizko azeritzat" jo du Euzkitzek, "basa eta zorrotza, bizia eta zuzena, arraza jakin bateko azken bertsolaria".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide