Aurtengo jardunarekin itxiko dute Azpeitiko Azcue y Cia enpresa

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 11a, 07:00

[caption id="attachment_52927" align="alignleft" width="350" caption="Azcue y Cia enpresak urte bukaera arte egingo du lana (Nerea Uranga/Hitza)"][/caption] Azpeitiko Azcue y Cia enpresak hartzekodunen lehiaketa aurkeztu, eta aurtengo jardunarekin itxiko du lantegia. «Enpresak ezin izan dio altzarigintza merkatuaren gainbeherak sortutako finantza ahuldadeari aurre egin». 131 langile ditu gaur egun altzari enpresak, horietatik 120 Urrestillako lantegian; gainerako 11 langileak Espainiako Estatuan ditu, saltzaile lanetan, gehienbat. Nueva Linea marka ekoizten du Azcue y Cia enpresa altzarigileak. Orain, ia langile guztiekin adostu dute kontratuen etetea, eta prentsa-ohar bateratua plazaratu dute Azcue y Cia SA enpresako zuzendaritzak, Enpresa Batzordeak eta Azkueko Langileak SLk. Lan kontratuak «mailakatuta» etengo dituzte, «alde batetik, lana urte honen bukaeraraino mantentzeko, eta, bestetik, azken urteetan aldi baterako LETekin erabilitako langabezia egunak berreskuratzeko». Higiezinen krisiak altzarigintzari ere bete-betean eragin diola azaldu dute enpresaren ordezkariek oharrean, eta Azpeitiko enpresa egoerari buelta eman ezinda gelditu dela. «Altzarigintzak higiezinen sektorearekin lotura estua duenez, azken bost urteetan etengabeko gainbehera izan du, enpresaren bilakaera bide beretik eramanaz. Azcue y Cia-ren fakturazioa %60 jaitsi da». Azken hilabeteotan egindako ahaleginek ere ez dute emaitzarik izan Azpeiko enpresarentzako. «Irailaz geroztik, administrazio publikoaren gain dauden proiektu batzuen eta Qatarreko hotel bateko proiektu posible baten atzerapenak gainbehera hori jasanezina bihurtu dute». Azken urteetako gainbehera Azcue y Cia 2008an hasi zen gainbehera antzematen. Urte haren hasiera arte, 200dik gora langile zituen enpresak, eta urte gutxiren buruan lantokia handitu egin zuten. 24 milioi euroko fakturazioa izatera ere iritsi zen. Baina 2008ko urtarrilean lehen aldiz zuzendaritzak Lana Erregulatzeko Txosten bat (LET) aurkeztu zuen, eta urte hartako urrira bitartean 51 langile kaleratu zituzten, eta langileek mobilizazioak ere egin zituzten, Despidorik ez! lelo hartuta. Harrezkero, ordea, enpresaren egoerak ez du hobera egin, nahiz eta plan estrategiko berriak martxan jarri dituzten. Urte hartan bertan, 2008an, «dibertsifikatzean eta nazioarteratzean oinarritutako plan estrategikoa garatu» zutela azaldu dute Azcuekoek. Plan horren ondorio izan ziren 2011n bulego eta liburutegietarako altzariak egiten zituen Eibarko Laster enpresa bereganatzea, eta sukalde eta bainurako hainbat ekoizlerekin sinatu zituzten itunak. «Horrela Europan, Asian, Australian eta Latinoamerikan merkatu berriak zabaldu zituen enpresak. Bertan hainbat bulego, liburutegi eta hotel hornituz azken urte honetan, eta hazteko aurreikuspen handia zeukan enpresak». Enpresaren plan estrategiko hori garatzeko eta finantza zorraren berregituraketari aurre egiteko, 2011z geroztik Eusko Jaurlaritzak enpresaren akzioen %10 ditu; Ezten izeneko arrisku kapital funtsaren bidez sartu zen Jaurlaritza Azcuen, milioi bat euro jarrita. Horrez gain, enpresako langileek ere apustua egin zuten, «euren lanaz gain beste milioi bat euro kapitalean jarriz, Azkueko langileak, SL lan-elkartearen bidez. Horrela, langileak elkartearen gobernu organoetan sartu ziren». Plan estrategikoarekin aurtengorako galerak gainditzea zuten helburu, krisiari aurre egiteko asmoarekin egin baitzuten. 2011 bukaeran enpresako zuzendaritzako ordezkariek azaldu zutenez, azkenengo hiru urteetan galerak izan zituen enpresak. Aukera berriak aztertzen Enpresako zuzendaritza eta langileak lantegiaren jardueraren zati bat berriro martxan jartzeko aukera aztertzen ari dela ere aurreratu dute kaleratutako oharrean, eta lan talde bat antolatuta ere badute. «Lan sozietate anonimo bat sortzea izango litzateke aukeretako bat», aurreratu dute kaleratutako oharrean. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala «jakinaren gainean» daudela, eta ahal duten «guztia egiteko prest» daudela azaldu dute enpresaren ordezkariek. Azpeitiko enpresa zaharrenetakoa da Azcue y Cia altzari lantegia. 1934an sortu zuten, erantzukizun mugatuko sozietate bezala; 1966an sozietate anonimo bihurtu zen. Aurreneko lantokia Loiolako etorbidean izan zuen, eta 1970eko hamarkadan, berriz, Urrestillara aldatu ziren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide