Zabalik da Azpeitiko XII. San Silbestre lasterketan izena emateko epea

Urola Kostako Hitza 2012ko abenduaren 7a

Hamabigarren urtea beteko du aurten Azpeitiko San Silbestre herri lasterketak. Urte zahar eguneko proba, Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak antolatzen du, UROLA KOSTAKO HITZAren laguntzarekin. Eskolarteko lasterketak 10:30ean hasiko dira eta proba nagusia, berriz, 12:00etan hasiko da herriko plazatik. Aurtengo honetan ere aurreko urteetan bezalaxe lasterketa «herrikoia» izatea espero dute antolatzaileek; hala, oraingoan ere 7,3 kilometroko ibilbidea izango du probak. Urtero bezala, lasterketaren bukaeran parte-hartzaile guztien artean opariak (urdaiazpikoak, ardo botilak, Juantxo Txiki eta Iraurgi SB tabernetan otartekoak...) zozkatuko dira, eta parte-hartzaile guztiei oroigarri moduan probako elastikoa banatuko zaie. Aurten, gainera, probako lehen azpeitiarrak eta lehen azkoitiarrak Azpeitiko Mikel Uria jatetxean eta Azkoitiko Joseba jatetxean bi lagunentzako afaria jasoko dute sari bezala. Eskolartekoek parte hartzea doan izango dute; kadeteek eta jubenilek 5 euro ordaindu beharko dute; txip horia dutenek 10 euro eta txipik ez dutenek 12 euro; eta, langabetuek 6 euro (azken hauek Azpeitiko igerilekuan eman behar dute izena). Izen-emate bateratua Aurten Diego Garciaren Oroimenezko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian–2013ko martxoaren 23an jokatuko da– eta Azpeitiko Sansilbestrean izena bateratuta emateko aukera eskaini die lasterkariei Xeye atletismo taldeak. Era horretan, bi probatan parte hartzeko aukera merkeago aterako zaie kirolariei. Bi saioetarako izena ematen dutenek txip horiarekin 25 euro ordaindu beharko dute, eta txipik gabe 30 euro. Izena bateratuta emateko modu bakarra egongo da, ordea: www.kirolprobak.com webgunearen bitartez, hain zuzen ere. Astelehena egokitu da aurten abenduaren 31. Haur eta gazteen lasterketak 10:30ean hasiko dira, eta ondoren, eguerdian, jokatuko da lasterketa nagusia, udaletxe aurretik irtenda. Kadete eta jubenil mailakoek lasterketa nagusian irtengo dute, seniorrekin eta beteranoekin batera. Xeyeko Agustin Jimenezek herritarrak parte hartzera animatu ditu: «Ibilbidea ez da luzea eta, gainera, laua da. Pixka bat entrenatu eta nahikoa da. Aurreneko aldiz parte hartzen dutenek ere, proba lasai-lasai hasiz gero erraz bukatuko dute». Manuel Unanue Azpeitiko kirol zinegotziak gaineratu duenez, «urtea kirola eginez bukatzeko aukera paregabea da». Urola Kostako Hitza-k Xeye atletismo taldea eskertu du, lasterketan ateratako irabaziak HITZA laguntzera bideratzeagatik: «Eragileak Urola Kostako Hitza-ren zutarrietako bat dira, eta komunitatea sortzeko jardunean lankideak». Horrez gain, herritarrak urte zahar eguneko Azpeitiko lasterketan parte hartzera animatu dituzte, «herri hedabideen eta euskararen normalizazioaren alde korrika egin dezaten».   AZPEITIKO XII. SAN SILBESTRE LASTERKETA
  • Proben ordutegia. Abenduaren 31n (astelehena) jokatuko da, Azpeitiko plazan.
- Eskolartekoak: 10:30ean, benjamin neskak; eta 10:40ean, benjamin mutilak, 700 metro. 10:50ean, alebin neskak; eta 11:00etan, alebin mutilak, 1.300 metro. 11:10ean, infantil neska-mutilak, 1.900 metro. - Lasterketa nagusia: 12:00etan da irteera. Kadeteek eta jubenilek 3.700 metro egingo dituzte eta gainontzekoek 7.300 metro.
  • Izena emateko tokiak eta prezioak.
- Eskolartekoak. Probaren egunean eman behar dute izena eta doan da parte hartzea. - Kirol dendetan. Azpeitian Aitzaki kirol dendan eta Azkoitian Plaza Berri Sport-en. Txip horiarekin 10 euro eta gabe 12 euro. Kadeteek eta jubenilek 5 euro. - HITZA-ren egoitzetan. Zarautzen eta Azpeitian, abenduaren 20ra arte. - Azpeitiko igerilekuan, langabetuek. Langabetuek bakarrik eman dezakete izena. 6 euro. - www.kirolprobak.com. - Azpeitiko Sansilbestrerako izena emateko, txip horiarekin 10 euro eta gabe 12 euro. Kadeteek eta jubenilek 5 euro. -Azkoitia- Azpeitia maratoi erdirako eta Azpeitiko Sansilbestrerako izen-emate bateratua, txip horiarekin 25 euro eta gabe 30 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide