[caption id="attachment_52636" align="aligncenter" width="350" caption="Alde Zaharreko Mahaiaren lehen bileran bildutakoak (Argazkia: Azpeitiko Udala)"]

[/caption]
Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzea helburu hartuta elkarlanean hasi da hainbat eragile eta Alde Zaharreko Mahaia osatu dute. Bilgune horrek alde zaharrarekin zerikusia duten eragileetako ordezkariak eta Azpeitiko Udala bilduko ditu. Dagoeneko lehen batzarra egin dute. Sortu eta martxan jarri berri den mahai horren helburua, «dauden beharrei erantzunez eta arazoei konponbideak emanez, elkarlanean Alde Zahar biziagoa lortzea da».
Premiak eta gabeziak jasota
Urtean zehar Azpeitiko Udaleko ordezkariak alde zaharrarekin zerikusia duten eragile desberdinekin bildu da: bizilagunak, merkatariak, tabernariak, Azpeitiko Kultur Mahaia, Emakumeen Txokoa, gazteria, baserritarrak eta Baigera Erretiratuen Elkartea. Udalak azaldu duenez, urtean zehar eragileekin egindako bileretan, alde zaharra biziberritzeko dauden premiak eta gabeziak jaso dituzte.
Udalak eragileengandik jasotako eskaera batzuk dagoeneko erantzuna ere jaso dutela adierazi du Udalak: «Adibidez, Alde Zaharreko lurra garbitzea, argiztapena edota Soreasuko lurrazpiko aparkalekua ordu eta erdi doan izatetik bost orduz doan izatera pasatu da».
Alde Zaharreko Mahaia osatzea ere eragileekin egindako bileretan jasotako eskaera baten emaitza izan da. Horrez gain, Alde Zaharreko bizilagunak biltzen hasi eta talde bat osatu dute.
2013rako lanak mahaian
Datorren urterako landu ditzaketen gai batzuk zein izan daitezkeen ere zehaztu dituzte Alde Zaharrekoek; besteak beste, Done Jakue kaleko (pilotalekuko) haur parkea eraberritzea, Olazko Andre Mariaren plaza oinezkotzea, alde zaharreko trafikoa eta azpiegitura aukera desberdinak aztertzea.