Inaxio Uriaren familia: "Ezker abertzaleak ETAren indarkeria gaitzetsi dezan exijitzen jarraitu behar dute alderdiek"

Urola Kostako Hitza 2012ko abenduaren 3a

[caption id="attachment_52609" align="alignleft" width="350" caption="Loiolan une honetan egiten ari diren elkarretaratzearen irudi bat (Nerea Uranga/Hitza)"][/caption] Inaxio Uriaren hilketaren laugarren urteurrena da gaur, eta Loiolan  gogoan izan dute enpresaburua. 12:00etan meza izan da, eta 13:00etan elkarretaratze isila egin dute senitartekoek, hainbat herritarrek eta erakunde eta alderdi politikoetako ordezkariek. Haren omenez jarri zuten oroitarriaren aurrean elkartu dira besteak beste Eusko Jaurlaritzako bozeramale Idoia Mendia eta Rodolfo Ares (PSE-EE); Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente berria; Markel Olano diputatu ohia eta Joseba Egibar (EAJ), Lohitzune Txarola batzar nagusietako lehendakaria (Bildu); Pello Urizar eta Rafa Larreina (EA); eta Gorka Maneiro (UPyD). Azpeitiko Udaleko EAJko, Bilduko eta Hamaikabateko zinegotzi batzuk ere bertan izan dira. Uriaren senitartekoek asteburuan plazaratutako gutun batean jakinarazi dute "zauriak sendatu gabe" dituztela oraindik, eta alderdi politikoei zera eskatu diete: "Ezker abertzaleak ETAren indarkeria gaitzetsi dezan exijitzen jarraitzeko eskatzen diegu alderdiei". Gutunean "biktimei elkartasuna" adierazi diete, eta ezker abertzaleari buruz, honakoa esan dute: "Nahigabe adierazpenak ez dira nahikoak". 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Inaxio Uria enpresaburu azpeitiarra, Loiolan. Urtero bezala, hil zuten toki berean gogoratu dute senitartekoek, herritarrek eta hainbat agintarik Uria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide