[caption id="attachment_52458" align="alignleft" width="350" caption="Sanagustin kulturgunean jokatu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiko bazkideek mus txapelketako sailkatze kanporaketa (Argazkia: Azpeitiko Kultur Mahaia)"]

[/caption]
Azpeitiko Kultur Mahaiak Soziedadeen Arteko Mus Txapelketa antolatu zuen iaz, soziedadeen arteko hartu-emana sustatzeko eta, bide batez, Kultur Mahaia diruz laguntzeko. Ahaleginak ongi funtzionatu zuenez, eta herriko elkarte gastronomikoek ere balorazio ona egin zutenez, bigarren urtez antolatu dute udazken honetan. Orain, datorren larunbatean, finala jokatuko dute Sanagustin kulturgunean, 15:30tik aurrera. Guztira, 50 bikote inguru ariko dira, eta kanporaketa formatuan erabakiko da bikote irabazlea; aurkariak zozketa bidez zehaztuko dituzte. Hori horrela, arratsalde pasa ederra egitea espero dute karta jokoan.
Azpeitiko 32 soziedade edo elkarte gastronomiko daude, Kultur Mahaiko bazkideen elkartea barne, eta guztiei egin diete txapelketan parte-hartzeko deia. Parte-hartzeari dagokionez, iazko antzera ibili dira bigarren edizio honetan ere: 27 elkartetako 140 bikote inguru aritu da jokoan. Sozidade batetik bestera aldea dagoela nabarmendu du Kultur Mahaiak. Batzuetan mus zaletasun handia dute, eta, nolabait esateko, txapelketaren zain zeuden; besteetan gehiago kostatu zaie giro hori sortzea. Oro har, parte-hartze kopurua mantendu egin da, eta hori begi onez ikusi dute.
Urria eta azaroa bitartean, elkarte barruko kanporaketak jokatu dituzte. Lehen fase hori elkarte edo soziedade bakoitzak bere kasara koordinatu du, bertako bazkideen artean. Barne txapelketa horretako finala jokatu duten bi bikoteek bigarren faserako txartela lortu dute, eta larunbat honetan bat egingo dute, onenak onenen aurka lehiatzeko. Hain zuzen ere, soziedade guztien arteko final nagusia izango da Sanagustineko topaketa.
Finalean, lehen lau sailkatuei banatuko dizkiete sariak. Bikote irabazleak 1.000 euro eta txapelak jasoko ditu; txapeldunordeak, 500 euro; hirugarrenaren sailkatuak otar eder bat bereganatuko du; eta laugarren geratzen direnek, azkenik, afari bat egiteko aukera irabaziko dute Sanagustinen bertan. Sari banaketan bertan, elkarteko barne txapelketako bikote irabazleek arkumea, gazta eta ardo botila jasoko dute; opari hori eskuratzeko gutxienez zortzi bikotek lehiatu behar zuten elkarte bakoitzeko barne txapelketan, eta dozena bat izan dira muga hori gainditu dutenak.