San Silbestren parte hartzeko izena eman daiteke jada

Ane Olaizola 2012ko azaroaren 23a

Eskualdeko korrikalariek urtea osasuntsu amaitu dezaten, Xeye Azkoitiko eta Azpeitiko Atletismo taldeak San Silbestre lasterketa antolatu du hamabigarren aldiz abenduaren 31rako, UROLA KOSTAKO HITZA egunkariaren laguntzarekin. Dagoeneko eman daiteke izena, eta momentuz, Internetez soilik inskrabatu daiteke, Kirolprobak-en webgunean. Abendutik aurrera, ordea, Azpeitiko Aitzaki Kirolak dendan eta igerilekuan, Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan eta Azpeitiko eta Zarauzko HITZA-ko bulegoetan ere egin ahal izango dute.  Txip horia duten korrikalariek ohiko prezioa ordainduko dute; 10 euro. Gainontzekoek, berriz, euro bat gutxiagotan izango dute izen ematea, eta 12 euro ordainduko dute. Langabetuentzat, berriz, sei eurotan jarri dute inskripzioa, Azpeitiko igerilekuetan. Egunean bertan ez da egongo izena emateko aukerarik. Aurten izango da berrikuntzarik, antolatzaileek San Silbestren eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartzeko izen emate bateratua prestatu baitute; hala, 25 edo 30 eurotan bi probetan parte hartzeko aukera izango dute, eta horiek bost edo sei euro aurreztuko dituztela adierazi du Xeyek. «Modu honetan, urtea korrika amaitzeaz gain, urte berria erronka berriekin eta motibazioz hasteko beste modu bat izango dute», animatu dituzte korrikalariak. Hitza laguntzea helburu Iaz hasitako ibilbide bera izango du aurten probak, eta 7.285 metro inguruko bidea izango dute. 12:00etan hasiko da nagusien lasterketa, Azpeitiko plazatik. Probaren helburuetako bat da Hitza egunkariari laguntzea, eta horrez gain, «herriari giro berezia» ematen diola adierazi du elkarteak, eta dagoeneko «ohitura» bihurtu dela gaineratu du. Hori hala, ahalik eta korrikalari gehien ekimenera batu daitezen gonbidatu dituzte. Maila nagusiaz gain, gazteagoek ere San Silbestren parte hartzeko aukera dute; kadeteek eta jubenilek 3.950 metroko ibilbidea izango dute, eta bost euro ordainduta. Haurren proba 10:30ean hasiko da, eta izena egunean bertan emango dute. Antolatzaileek partaide guztien artean opariak zozkatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide