Zortzigarrenez egingo dute Bigarren Eskuko Azoka, etzi, Azpeitiko merkatu plazan

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 21a, 08:28

Bidezko Merkataritza eta Bigarren Eskuko Azoka antolatu du Azpeitiko Udalak, zortzigarren urtez, etzirako. 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da, azoka plazan. Azokan nahi duten herritar guztiek parte hartzeko aukera dute salmenta mahaia jarrita, gordailu-salmentara gauzak eramanda, gauzen trukeko eremuan parte hartuz edota bisitari modura. Oraingo honetan, berrikuntzekin dator azoka, izan ere azokaren data eta tokia aldatu baitituzte. Alde batetik, ekainean egin beharrean orain egitea erabaki dute, «herriko ikastetxeek egindako eskaerari erantzunez», diote Udaleko ingurumeneko arduradunek. Bestetik, herriko plazatik azoka plazara pasatuko dute aurten azokaren tokia, «eguraldiaren gorabeherak saihesteko eta urte sasoi honetan seiretarako ilunduta egoten delako», adierazi dute. Azokan posturen bat erreserbatzeko edota informazioa eskatzeko 943-670249 telefono zenbakira deitu daiteke. Eskaintzen diren zerbitzuak doakoak dira. Gordailu-salmentara arropak ez beste edozer eraman daiteke saltzeko, baina material hori azoka ahsi aurretik eraman beharko da azoka plazara, hau da 16:00etatik 17:00etara. Trukerako ekimena Ostiralean, azokaren baitan, Gazteria saileko ludotekak eta gaztelekuak truke ekimena jarriko dute martxan. Egoera onean dauden jostailu eta arropen elkartrukea egingo dute. Baina, truke ekimenak jarraipena izango du hurrengo egunetan: hilaren 26, 27 eta 28an, 10:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara udaletxeko arkupetan postua jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide