Ardo Dastaketa Egunean 21 upategitakoak edateko aukera egongo da

Nerea Uranga 2012ko azaroaren 15a

Larunbaterako 7. Ardo Dastaketa Eguna antolatu dute Azpeitian. Herriko plazan egingo da, 11:30etik 14:30era bitartean. 21 upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da egun horretan. Mikel Ibarzabal Azpeitiko Festetako zinegotziak azaldu duenez, garai gogorrak kontutan hartuta, ahalik eta «modu onenean» jartzeko ahalegina egin dute. «Krisia dela tarteko badakigu ez gaudela egoera onenean, baina ahal dugun neurrian antolatu egin dugu. Horrez gain ahalegina egin dugu modu onean jartzeko». Aurten ere Ardo Dastaketa Eguna jendeak emandako bultzadari eta parte hartzeko gogoari esker antolatuko dutela azaldu du Festetako udal arduradunak. Ardo berriak aukeran 21 upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da etzi eguerdi artean plazan. «Upategiek Azpeitiko ardo dastaketan parte hartzeko borondatea eta nahia azaldu digute, egun hori oso polita izaten dela-eta», esan du Ibarzabalek.  Tartean bat berria izango da, ardoa zuria ekarriko duen Jacob’s Creek Chardonnay. Horrez gain, beste ardo zuri batzuk dastatzeko aukera ere egongo da: Pierola, Solaguen eta Cerro Añon. Bestela, ardo onduak, urtekoak eta erreserbak dastatzeko aukera ere eskainiko dute. Kopa eta bost txartel, 5 euro Dastaketarako kopak eta txartelak saltzeko postua ere jarriko dute herriko plazako arkupetan. Ardo kopa eta bost ardo dastatzeko txartel 5 eurotan salduko dituzte. Edanari laguntzeko zer jan ere izango da larunbateko ardoaren festan. Horretarako, bertako lau-bost gaztagilek gazta pintxoekin postuak jarriko dituzte. Halaber, herriko gaixo eta elbarriekin ibiltzen diren boluntarioen taldeak pintxoak eta ogitartekoak saltzeko postua jarriko dute, azken urteetan ohi bezala. «Boluntario hoiek jartzen duten posturako herriko harategiek laguntza ematen dute eta han ateratzen dituzten sosak urtean zehar egiten dituzten ekitaldi edota irteeretarako erabiltzen dituzte», azaldu dute. Aurten ere, iaz bezalaxe, mahatsa zapaltzeko erakustaldia egingo dute plazan. Ekimen horretan Dantza Suelto Taldeko bi bikotek hartuko dute parte. Giroa animatzeko, Azpeitiko Musika Bandako hainbat musikarik emanalditxoa joko dute plazan. Etzirako eguraldi ona iragarrita dagoela eta jendea Azpeitiko ardo dastaketa egunera animatu du Festetako zinegotziak, «jendeak ondo pasatu dezala, baina pasatu gabe», gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide