Su txikian antzezlanaren lehenengo emanaldia eskaini dute Azpeitian, eta ez edonola, gainera. Ohiko formatutik harago, ganbarako bertsioa eskaini zuten herenegun, udaletxeko ganbaran. «Publikoaren artean antzeztu dugu aktoreok, eta antzokiko formatuan ez bezala, ez dago eszenografiarik eta proiekziorik, ezta arropa aldaketarik ere; maila berean gaude, publikoa obraren parte senti dadin», adierazi du Libe Aranburuk, antzezlanean parte hartu duen aktore azpeitiarrak. Halaxe eskaini zuten Loiolako elkarrizketa politikoei buruzko antzeznala, 65 lagun ingururen aurrean, Euskal Antzerki Topaketetan.
Saioa modu horretan eskain duten lehen aldia izan da. Libe Aranburu azpeitiarrak aitortu du taldea «beldur» zela, ikusleek ondo ulertuko ez zutelakoan.
«Informazio bera eskaintzen dugu antzokiko eta ganbarako formatuan, baina azken honetan ez genekien jendeak ongi jarraituko ote zuen antzezlana». Taldea, ordea, gustura dago «esperimentuarekin». «Ganbarara gerturatu zen jendeak esan digu ongi ulertu zuela saioa, eta askok esan digute izugarrizko gogoa dutela lana antzokiko formatua ikusteko».
Galder Perezek zuzendu du antzezlana, eta berak idatzi du obra, Imanol Murua Uria kazetari zarauztarraren
Loiolako hegiak (Elkar, 2010) eta Jesus Egiguren politikari aizarnarraren
ETA. Las claves de la paz (Aguilar, 2011) liburuak oinarri hartuta. Bihar izango da estreinaldi nagusia, Soreasu antzokian. Bi emanaldi esakiniko dituzte, 20:00etan eta 22:30ean. «Herrian eta kanpoan interes handia sumatu dugu obrarekiko, eta halako ikusminak estutasuna sortzen dit. Baina, egia esan, plazera da guztiontzat». Estreinatzeko «desiratzen» dagoela dio azpeitiarrak, eta «harrera ona» izango duelakoan da: «Guztiok uste dugu erantzun ona izango duena. Nik ere hala uste dut, baina orain ez nago besteak bezain ziur. Izatez ez naiz oso baikorra, baina jendeak ondo jasoko duelakoan nago». Izan ere, Aranbururen ustez, obra «nahiko neutrala» da, eta « ez du alde batera jotzen».
Erronka
Aktore azpeitiarrak rol bat baino gehiago du obra honetan. Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kidearenean ez ezik, kazetari, alargun eta Osloko negoziaketetako bitartekari baten papera ere du, besteak beste. Taldearekin lan egiten «ondo sentitu» dela adierazi du Aranburuk, «erronka» izan bada ere. «Zuzendariak dioen bezala, antzerki dokumentala da, eta asko dokumentatu behar izan dugu. Oso interesgarria izan da».
Biharko emanaldiaz gain, urtarrilaren 26ra arte astero taularatuko dute
Su txikian. Hala nola, Lasarten, Egoibarren, Eibarren eta Beasainen izango dira datozen asteetan. Aranburuk Glu Glu konpainiarekin egiten duen seigarren lana da hau, eta ia obra guztiak Galder Perezen zuzendaritzapean egin ditu. Aranburuz gain, Martxelo Rubio (Josu Jon Imazen paperean), Joxemari Carrere (Jesus Egigurenean), Ugaitz Alegria (Iñigo Urkullunean), Mañu Elizondo (Rodolfo Aresenean) eta Gabriel Ocina (Arnaldo Otegirenean) aktoreek hartzen dute parte antzezlanean.