Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Udalak 2007ko apirilaren 19ko udalbatzarrean onartu zuen Hirigintzako Arau Osagarrien Berrazterketa baliogabetu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Azpeitiko Udalak urriaren 23an jaso zuen autoa, eta herenegungo udalbatzarrean horren berri eman zuen Eneko Etxeberria alkateak (Bildu). Baina epaia oraindik Gipuzkoako Buletin Ofizialean ez dute argitaratu, nahiz eta Auzitegi Gorenaren autoa publikoa den. «Epai honek hankaz gora bota ditu 2007ko arau osagarriak», azaldu du alkateak.
Alkateak gaineratu duenez, «erabakia plenoak hartu zuenez, plenoari dagokio sententzia hori ejekutatzea. Beraz, guri dagokigu hirigintzako arau berriak egitea eta lehengo arauak bertan behera utzi dituztenez, horren efektu guztiak kudeatzea». Gaur egun Azpeitiko Udalak dituen hirigintza arauak 1992koak dira, hortik aurrerako guztiak epaitegietan baliogabetuak izan direlako.
«Honek, zer esan nahi du Luciano Soraluzek arau denak hankarz gora bota dituela», esan du Jesus Larrañaga EAJko zinegotziak plenoan. Horren aurrean, Azpeitiko alkateak azaldu du, epai hori etor zitekeelako Azpeitiko Udala hirigintzako arau berriak egiten ari dela.
Auzitegi Gorenaren epaia publiko egitea Udalari ez zaiola komeni ere azaldu du alkateak, «Arau berriak egin arte, erabaki hau publiko egitea ez zitzaigun komeni, Azpeitiko herriari kalte egin nahi diotenei armak ematea baita. Baina, Auzitegi Gorenean sententzia hau publikoa da».
Alkateak gaineratu duenez, kezkatzen dituena Aozarazako gunea da, eta horregatik hain justu, «Udalak arrisku juridiko bakarra Belen Aginagaldek sententzi honekin egin dezakeen erabilpena da». Joan den urriaren 2an Auzarazarako Plan Bereziari hasierako onarpena eman zion Udalak, «han eraikita dauden etxeak babesteko».
Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri ematearekin batera, Jesus Larrañagari eskatutako informazioa eman zion alkateak: «Aozarazako auziaren epaiketetan 322.000 euro gastatu ditu Azpeitiko Udalak eta 2007ko arauak egiten, berriz, 519.000 euro inguru».