Corrugados Azpeitiaren lan gatazkak urtebete beteko ditu aste honetan

Nerea Uranga 2012ko azaroaren 6a

Iazko udazkenetik gauzak ilun daude Corrugados Azpeitian. Iazko urriaren bukaeran enpresako ehun langiletik gora kaleratuko zituzten hotsak hasi ziren. Segidan, azaroaren 9an, enpresako zuzendaritzak 140 langile kaleratu eta gainontzeko langileei %40eko Lana Erregulatzeko Txostena (hau da, 105 laneguneko suspentsioa) ezartzeko asmoaren berri eman zion Enpresa Batzordeari. Zuzendaritzaren asmo horren aurrean ELAko eta LABeko langileen ordezkariek enpresaren bideragarritasun plana eskatu, eta langileen kaleratzerik ez zutela onartuko esan zuten. Aurtengo otsailean ehun langile kaleratu zituzten Corrugados Azpeitiatik. Baina, langileen kontrako murrizketak ez ziren hor bukatu. Joan den ekainean murrizketa gehiago egiteko asmoa azaldu zien Gallardo Taldeko zuzendaritzak Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariei: 60 langile gehiago kaleratu, soldatak %35 jaitsi eta urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea. Orduan, ezarri nahi zizkieten murrizketa hoien aurka mobilizazioei ekin zieten langileek, ekainaren 15ean greba mugagabea hasiz. Hala, hil honen 15ean bost hilabete beteko dituzte greban. Ordutik, itxialdia, manifestazioak, kanpaldiak, erakunde publiko eta BBVAko bulegoen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte Corrugados Azpeitiako langileek. Atzo bertan Azpeitiko BBVAren bulegoaren aurrean bildu ziren, eta bankuaren ate aurrean zepa edo eskoria bota zuten. «BBVAko ordezkariek gurekin hitz egiteko hitzordua jarriko zigutela agindu ziguten. Oraindik zain gaude, ez gaituzte aintzat hartzen», salatu du Ander Labakak, LABeko langileen ordezkariak. Bilduz eta biltzekotan BBVA aurreko mobilizazioren ondoren, langileen ELA eta LABeko ordezkariak Azpeitiko enpresaren zuzendaritzarekin bildu ziren. Baina, ezer berririk ez. «Beste behin, Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzak aurkeztutako bideragarritasun planari heldu besterik ez dagoela diote», esan dute langileen ordezkariek. Bihar berriro biltzekotan gelditu dira bi aldeak. «Enpresako gatazka honen konponbidea bileretan eta eztabaidatuta lortuko da, eta ez epaitegietan», diote langileek. ELAko eta LABeko Enpresa Batzordekoek proposamen bat helarazi dio Grupo Gallardoko zuzendaritzari, Azpeitiko zuzendaritzaren bitartez. Bertan, enpresaren egungo egoerari irtenbidea eman nahia, eta hiru punturen gainean «akordio integral batera» iristeko asmoa azaldu die: «Baja boluntarioak erraztuz; enpresan jarraitzen duten langilegoaren lanpostua bermatuz; eta, langile guztiei suspentsioko txostena berdin ezarriz». Enpresa Batzordeko ordezkarien proposamena «gustura» jaso dutela erantzun die Gallardo Taldeko zuzendaritzak, baina azkena Madrilen egindako bilerako proposamena helarazi die berriro langileei, ez gehiago. «Taldeko zuzendaritzari gatazka honi irtenbidea emateko akordiora iristeko borondate gutxi ikusten diogu, eta Azpeitiko zuzendaritzak bere aldetik ez dauka erabakiak hartzeko eskumenik; zubi lana egiten du», zioten langileen ordezkariek atzoko bileraren ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide