‘Baserritik.com’-ek azoka egingo du igandean, lehen urteurrena ospatuz

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 1a

Baserritik.com-ek, bertako produktuen ekoizleen elkarteak, azoka berezia antolatu du iganderako Azpeitiko plazan. Elkartea sortu zenetik urtebete bete dela eta urteurrena ospatzeko antolatu dute azoka, Urkomeren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. 10:00etatik 14:00etara bitartean izango da. Baserritik.com Urola Kostako bertako produktuen ekoizleek sortu zuten, eta gaur egun 45 ekoizle inguru biltzen ditu. Ekoizle hauen produktuen azoka birtual bat ere martxan du elkarteak. Elkarteak, baserritar txikien arteko elkarlana bultzatzea du helburu. Bakoitzak ekoizten dituen elikagaiak elkartuz eskaintza zabalagoa eskaini asmo dute, eta horiek saltzeko tresnak ere martxan jarri dituzte, salmenta eskualdeka eginez eta ahal den neurrian garraioa murriztuz. Iganderako Azpeitian antolatu duten azoka bereziaren helburua, orain urtebete martxan jarri zuten egitasmoari bultzada ematea da, bertako eta inguruko ekoizleen produktuak ezagutu araziz, eta horrez gain bertatik bertara produktuak erosteko aukera emanez. Haurrentzako animazioa Etzi, Azpeitiko plazan izango da Baserritik.com elkarteko ekoizleen azoka, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Bitarte horretan, 11:00etatik aurrera pintxoak dastatzeko aukera egongo da, Maitane Subijana eta Jone Pagaldaik alaituta. Haurrentzako animazioa ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek, izan ere 12:30etik aurrera Gorriti eta haren animaliak ariko direlako plazan bertan. Irudian: Baserritik.com azoka Zarautzen, joan den uztailean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide