Joxin Aizpuru San Juan
Aizpuru III.-ak (Azpeitia, 1992) erremonteko Oriamendi Promozio Txapelketa jokatuko du bihar, 16:00etan, Hernaniko Galarreta pilotalekuan; Endika lagun duela. Aurkariak, berriz, Ezkurra II.a eta Olazar izango dituzte.
Erremonte profesionalean joan den uztailean egin zuen debuta Aizpuru III.ak, Galarretako pilotalekuan (Hernani). Harekin batera, beste bi herritarrek (Labakak eta Otaegik) ere debutatu zuten, Oriamendi 2010 erremonteko enpresak fitxatuta. Erremonterako jauzia eman zuenetik lau hilabete ez dira pasatu, baina Oriamendi Promozio Txapelketako finala jokatzeko aukera lortu du Aizpuru III.ak. Profesionaletarako jauzia egin aurretik Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketako finala ere jokatu zuen Aizpuru III.ak Etxeberria IV.arekin. Baina orduan, Etxabe II.a eta Zubizarreta aizarnazabaldarrak nagusitu eta txapelundorde gelditu ziren.
Bihar Galarretan jokatuko duten Oriamendi Promozio Txapelketako materiala joan den asteartean aukeratu zuten erremonteko bi bikoteek. Endika eta Aizpuru III.ak gorriz jokatuko dute bihar. «Zestoan gustuz sartzen diren pilotak» aukeratu zituzten. Hautatutako lauretatik bat «biziagoa» dela aitortu dute. Aurkariek, berriz, «sakearekin mina egin dezaketen pilotak» aukeratu zituzten.
«Gustura» dago Joxin Aizpuru txapelketako finala jokatzeko aukera lortuta. Baina prestatzaile fisiko batekin lanean hasi berri dela eta, «gorputza makalago» sentitzen duela esan du. «Hasieran horrela izaten omen da, baina onerako izango delakoan hasi naiz prestatzaile fisikoarekin lanean», dio. Zaila ikusten du finala, aurkariak gogorrak direla uste duelako.
Gustura dabil Galarretan, baina harmailak beteago nahi dituztela dio. Horregatik, pilotazaleak bihar Galarretara joatera animatu ditu.