Hiru asteburutan 11 antzezlan izango dira Topaketetan

Nerea Uranga 2012ko azaroaren 1a

Egitaraua: Azpeitiko XXX. Euskal Antzerki Topaketak Azaroak 2, ostirala -21:30. Publikoari gorroto antzezlana, Artedrama taldeak antzeztuta. Helduentzako antzerkia da. Soreasu antzokian izango da. Azaroak 3, larunbata -21:30. Goenkale teatroa antzezlana, Pausoka eta Glu-Glu antzerki taldeak. Helduentzako antzerkia, Soreasun. Azaroak 4, igandea -18:00. Zapata gorriak antzezlana, Patata Tropikala antzerki taldearen obra. Haur eta helduentzako antzerkia, Soreasu antzokian. Azaroak 6, asteartea -20:00. Su txikian, Glu-glu antzerki taldea. Aurre-estreinaldia izango da. Udaletxeko ganbaran. Azaroak 9, ostirala -20:00etan eta 22:30ean. Su txikian, Glu-glu antzerki taldea. Estreinaldia. Helduentzako antzerkia. Soreasun. Azaroak 10, larunbata -12:00. Mahai-ingurua. Gaia: Euskal teatro berri baten beharra: Euskal komedia. Hizlariak: Mikel Martinez, Esther Uria eta Patxo Telleria. Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) elkarlanean. Sanagustin kulturgunean. -21:30. Lingua Nabajorum antzezlana, Tartean teatroaren eskitik. Helduentzako antzerkia, Soreasu antzokian. Antzerki emanaldia hasi aurretik EHAZEk III. Antzerkizale Saria banatuko du. Azaroak 11, igandea -18:00. Auzokideak antzezlana, Panta Rhei antzerki taldea. Haur eta helduentzako emanaldia da, Soreasun. Azaroak 12, astelehena -11:00. Kalun Beach eta Hilketa antzezlanak, Donostiako Zurriola Ikastetxeko ikasleak. Eskola antzerkia. Soreasun. -15:30. Xagu tranpa antzezlana, Lasarte-Oriako Landaberri BHI ikastetxeko ikasleak. Azaroak 13, asteartea -11:00. Erbia eta Olerkitxoak antzezlanak, Amezketako Zumadi ikastetxeko ikasleak. Eskola antzerkia. Soreasun. -15:30. S.O.S. lana, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak. Eskola antzerkia. Soreasun. Azaroak 14, asteazkena -11:00. Zerbitzuz kanpo eta Tren geltokia antzezlanak, Bilboko Kirikiño Ikastolako ikasleak. Eskola antzerkia. Soreasun. -15:30. Altxor magikoaren bila antzezlana, Barakaldoko Salesiano ikastetxeko ikasleak. Eskola antzerkia. Soreasun. Azaroak 15, osteguna -11:00. Sekretuaren lapurrak eta Mariano piano lanak, Azpeitiko Gazteria saileko antzerki tailerrekoak. Eskola antzerkia. Soreasun. -21:30. Ispilua obra, Aldatzen Laguntzen taldea. Azpeitiko Gaztetxean. Azaroak 16, ostirala -21:30. Izan bedi emakumea antzezlana, Azkoitiko Koldarrak antzerki taldea. Antzerki amateurra. Soreasu antzokian. Azaroak 17, larunbata -21:30. Bai, nahi dut antzezlana, Azpeitiko Emakume Tailerrak antzeztuta. Antzerki amateurra. Soreasu antzokian. Azaroak 18, igandea -18:00. Alabatxo antzezlana, Tartean Teatroak. Haur eta helduentzako antzerkia. Soreasu antzokian. Hogeita hamar urteko ibilbidea beteko dute aurten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek. «Dagoeneko, herrian finkatuta daude», beraz. «Euskara eta antzerkia uztartzen» ditu ekimenak, eta lehen emanaldia bihar izango da Soreasun. Publikoari gorroto izango da lehen antzezlana. Gaur Luhuson (Lapurdi) estreinatuko dute lana. Artedramako Huts Teatroak eskainiko du, eta Ander Lipus da aktorea. Beraz, antzezlan berri-berriarekin hasiko da 30. edizioa, eta azaroaren 18ra bitartean 11 obra ikusi ahalko dira. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak Topaketen aurkezpenean zera azaldu zuen: «Topaketak urteetan Azpeitiak egin duen apustu sendoa dira. Bertako baloreak eta Azpeitia beste era batera ulertzeko erreferentzia eta motorra delako kultura». Horregatik, «nahiz eta egoera zailean bizi» kulturaren eta antzerki topaketen aldeko apustu sendoa egiten dutela nabarmendu du alkateak. Eskaintza berria eta ona Azpeitiko Kultura zinegotzi Imanol Amenabarrek Antzerki Topaketak Euskal Herri mailan «izen eta garrantzia handia» dutela, eta Azpeitiko Udalak Topaketak aurrera ateratzeko «ahalegin handia» egin duela nabarmendu zuen. «Herritarrei edota kanpotarrei ahalik eta eskaintza zabalena eta berriena eskaintzen zaie». Helduei eta haurrei zuzendutako euskarazko obrarik onenak ekartzeko ahalegina egin dutela ere azpimarratu du Amenabarrek. Tartean, bi obra berri-berriak izango dira. Batetik, biharko Publikoari gorroto lana eta bestetik, Glu-glu produkzioak-ek eta Galder Perezek zuzendutako Su txikian estreinatuko dute azaroaren 9an. Su txikian obraren bi emanaldi izango dira egun horretan, Soreasun. Galder Perez zuzendariak Azpeitian lan berria estreinatzeko eskaini zaien aukera eskertu zuen. Su txikian antzerki dokumentala dela, eta bertan Euskal gatazka konpontzen lagundu duten azken hamarkadako zenbait elkarrizketa jaso dutela azaldu zuen. Libe Aranburu azpeitiarra da aktoreetako bat. Antzezlan gehienak Soreasun izango dira, baina gaztetxean ere izango da saio bat, azaroaren 15ean. Alkateak eta zinegotziak herritarrak zein kanpokoak emanaldietara animatu dituzte: «Antzokiak bete behar ditugu Topaketek indarrarekin segitzeko». Helduen antzerki emanaldietarako sarrerak 5 euro balioko dute eta haurrek 2 euro ordaindu beharko dituzte. Eskola Antzerkiaren tartea Euskal Antzerki Topaketen baitan Eskola Antzerkiak ere bere tartea izango du aurten Soreasun, azaroaren 12tik 15era bitartean. Kasu honetan ere 11 antzezlan taularatuko dira. Tartean, hiru Azpeitiko taldeek egindakoak, Azpeitiko Ikastolako Ikasberrikoek eta Azpeitiko Udaleko Gazteria Saileko haur eta gaztetxoen antzerki tailerrekoek antzeztuak. Amenabarren ustez, antzerkirako zaletasuna pizteko ezinbestekoa da harrobia lantzea. Horren erakusle, Euskal Autonomia Erkidegoan 235 bat ikastetxetan euskarazko antzerkia landu dela aipatu du. Topaketetako eskola antzerkiak, berriz, haur eta gaztetxoen antzerkilanen erakuslehio direla esan du. Alaitz Olaizola antzerki tailerreko gidari, idazle eta aktoreak nabarmendu duenez, haurrek eta gaztetxoek Topaketen baitan euren lana erakusteko aukera izango dute. «Hemen erakusten dugu lan hori. Zera diogu beti: emanaldirik gabe zer da antzerkia? Antzerki Topaketetan parte hartzeko aukera izatea polita da». Kartel irabazleak Azpeitiko XXX. Euskal Antzerki Topaketen aurkezpenean Borja eta Maite Eizagirre Rekejo aurtengo antzerki topaketetako kartel lehiaketaren irabazleek 900 euroko saria jaso zuten Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen eskutik. Irabazleek, eskerrak ematearekin batera, horrelako ekimenekin segitzeko eskatu zioten udalari, «herritarren parte hartzea sustatzen duen ekimena delako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide