Ardigazta kooperatibako kidea da Amaia Errasti Garate (Zestoa, 1976). Izarraitz markako gazta saltzen dute, Idiazabal jatorri izendapenekoa. Ekobirak Azpeitian egindako azokan parte hartu zuen atzo, gazta postua jarrita. Estreinako aldia izan da hau.
Zer berezitasun du Izarraitz gaztak? Ekologikoa al da?
Gure gazta bertako produktua da, baina ez da ekologikoa. Bertako ardi latxa esnearekin egiten dugu, bertako artzainen ardi-esnearekin egindakoa da, eta horregatik deituko ziguten azokan parte hartzeko. Izan ere, lehenengo aldia izan da honelako azoka batean parte hartu duguna.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Goiz partean euria egin du, eta horrek jendea uxatu egin du. Atertu duenean hasi dira herritarrak gerturatzen. Dena dela, aurreneko hitzordua bertan behera gelditu zen eta uste dut jende asko ez dela enteratu azoka egin behar genuenik. Egunari dagokionez, larunbat bat hobea izaten dela iruditzen zait. Osteguna jai eguna izan da berez, bai, baina batzuek jai egin arren badakit beste toki batzuetan lanean aritu direna. Pixka bat egun arraroa iruditu zait.
Bertako produktuak kontsumitzearen aldeko gero eta ekimen gehiago sortzen ari dira han-hemenka. Eroslea kontzientziatzen ari dela uste al duzu?
Gure produktuari dagokionez, uste dut jendeak nabaritzen duela ez dela gauza bera gure gazta edo Eroski bezalako supermerkatuetako gazta. Orokorrean baloratzen dute gure produktua, baina dirua ere faktore garrantzitsua izaten da. Hala ere, azoketan jendea bustitzen dela iruditzen zait.
Zer saldu duzue postuan?
Idiazabal gazta egiten dugu eta, noski, hori eskaini dugu postuan. Horrez gain, gaztazarra ere salgai eduki dugu, potoetan sartuta; gaztazarra edo gazta krema, bi eretara deitzen diote.
----------------------------------------
Modu jasangarriagoan kontsumitu daitekeela erakutsi dute ekoizleek
Azkenean iritsi da Azpeitira ere. Ekainaren 2an Zarautzen abiatutako Ekobira ekimenak hainbat herri igaro ditu, eta bihar amaituko da, Donostian. Atzo Azpeitian geldialdia egiteko tartea izan zuen, ordea. Hainbat arlotako ekoizleek herriko plazan jarri zituzten beren postuak, eta herritarrek denetarik aurkitu zuten bertan: ondotik pasatzerakoan lurrin ezin goxoagoa zuten opil eta bizkotxoak; eztigintza produktuak; Idiazabal gazta; oinetako eta arropa ekologikoa; eguzki energiarekin funtzionatzen duten jostailuak; leiho ekologikoak; pitxiak, poltsak eta dekorazio produktuak; palez egindako altzariak; bizikleta elektrikoak... Modu jasangarriagoan kontsumitzea posible dela utzi zuten agerian ekoizleek azokan.
Iazko ekimenarekin alderatuta, bi berrikuntza ere izan ziren atzo herrian: hainbat gairen inguruko hitzaldi eta tailerrak eta taberna ekologikoa.
Kutxa Ekoguneak sortutako ekimena da, eta antolatzaileek argi dute helburua: «Bizimodu jasangarria egiteko aukerak badaude hainbat alorretan, eta hori ikusgai jarri nahi du Ekobirak. Ingurumenean eragin txikiagoa duten produktu eta zerbitzu ekologikoak kontsumitzeko aukerak azalarazi nahi ditu. Kontsumo jasangarria eta solidarioa sustatzea da Kutxa Ekogunearen ildo estrategikoetako bat; horren harira sustatu du proiektu hau bigarren urtez».
Aurreko larunbatean egitekoak ziren Azpeitiko azoka, baina azken unean bertan behera utzi behar izan zuten hitzordua, eguraldi txarragatik. Atzo ere zerura begira ibili ziren goiz partean ekoizleak. Izan ere, aterkiak zabaldu beharra izan zen.
Eguerdi partean hasi zen gerturatzen jendea. Aterunea aprobetxatuta, adin guztietako herritarrek egin zituzten erosketak eta galderak postuz postu. Gozogintza postuak eta bizikleta elektrikoenak, esaterako, arrakasta ederra izan zuten. Baita haurrentzako produktuen postuak ere.