Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta, Azpeitiko Herriarteko IV. Kros Mistoa urriaren 27an egingo da. 18:00etan hasiko da lasterketa eta parte-hartzaileek 6,7 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Eta, aurten ere euskal selekzioen aldeko aldarrikapena egingo du lasterketak. Hala, keinu bat eginez, irteera aurretik euskal selekzioaren aldeko pankartarekin argazkia aterako dute.
Kros mistoan parte hartu nahi dutenek bikoteka eman behar dute izena. Aurrez izena emanda 20 euro ordaindu behar dira bikoteko eta horretarako aukera honako tokietan dago:
www.herrikrossa.com webgunean, edo Azpeitiko Aitzaki, Aradi, Santi Lazkano eta Mugi kirol-dendetan, Azkoitiko PB Sport kirol-dendan eta Zarauzko Nere Sport kirol-dendan. Egunean bertan, lasterketa hasi aurretik, izena emateko aukera egongo da, baina orduan bikoteko 30 euro ordaindu beharko dira.
Ludoteka zerbitzua
Antolatzaileen helburua, parte hartu behar dutenei «lasterketa ahalik eta erosoena egitea da». Horregatik, hainbat zerbitzu osagarri eskainiko dizkie parte-hartzaileek. Esaterako, 4 eta 8 urte arteko haurrei zuzendutako ludoteka zerbitzua jarriko dute aurten ere, Iturri Txiki ludotekan, 16:30etik 19:30era. Irteeratik gertu poltsak uzteko tokia ere prestatuko dute eta probaren bukaeran dutxatzeko aukera edukiko dute korrikalariek, Izarraitz pilotalekuan.
Iaz 175 bikotek eman zuten proban izena, eta aurten 200 bikote ingurura iristea nahiko lukete antolatzaileek. Aurreneko hiru sailkatuek, aurreneko bikote azpeitiarrak eta korrikalari zaharrena duen bikoteak saria izango dute.