Bilbon Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian Corrugados Azpeitiako 60 kaleratuen auzia aztertuko dute, gaur, 10:30etik aurrera. Azpeitiko enpresako ELA eta LABeko langileen ordezkariek kaleratzeen aurka sartutako demandaren gaineko epaiketa da. Enpresa Batzordeak kaleratzeak «nulo edo baliogabe» uzteko eskatu du, Lan Sailaren txosten batean oinarrituta.
Corrugados Azpeitiako 150 langile joango dira bihar Bilbora, Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egitera. Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkarien arabera, enpresaren etorkizuna mahaiaren bueltan argitu beharko da eta ez epaitegietan.
Kaleratzeen eta ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra greba mugagabean daude Corrugados Azpeitiako langileak ekainaren 15etik; atzo lau hilabete.
Enpresak bizi duen auziaren inguruan pasa den astean hainbat bilera izan da. Ostegunean, Eusko Jaurlaritzan jarraipen batzordea bildu zen, hau da, Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzako ordezkariak bildu ziren. Gallardoko zuzendaritzarekin Foru Aldundiko ordezkaria eta Azpeitiko alkatea ere bildu ziren. Bilera horren hondotik, Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak ELA eta LABeko langileen ordezkariak bilerara deitu zituen.
Azken bilera hori larunbatean egin zuten.Azpeitiko enpresako zuzendaritzako lau kide, enpresa batzordeko ELA eta LABeko zazpi kiderekin bildu ziren. «Azken batean, Gallardo Taldeko zuzendaritzak esandakoa helarazi digu guri enpresako batzordeak. Baina, lau hilabeteren ondoren bertako zuzendaritzak ezer ez du egin eta haien dimisioa eskatzen dugu», diote ordezkari sindikalek. «Proposamen izeneko bat jaso dugu, baina enpresaren etorkizuna argitzen duen Industria Plan argirik ez».
Kalte-ordaina hobea
60 lagun kaleratzea ezinbestekoa dutela esan diete zuzendaritzakoek. Baina, zortzi lagunek tailerra boluntarioki utzi dutela, eta haien ordez kaleratutako zortzi lagun berriro hartzeko prest daude nagusiak. Horrez gain, kaleratuei lau hilabete gehiagoko kalte-ordaina eskaini diete; baina, lau hilabeteak zatituta, 30 hilabetetan, kobratuko lituzkete. Proposamen horrekin, zuzendaritzak eztabaida «desbideratu» egin nahi duela diote langileek, «jendea ez da ari kalte-ordainagatik borrokan, enpresaren Industria Plan serio bat exijitzen ari gara».
Zuzendaritzak, urteko lanaldia 49 ordu gehiagoakoa ezartzeko eta soldatak %35 jaistearen asmoekin jarraitzen duela ere salatu dute. «Zuzendaritzak elkartzeko azaldu duen borondatea, kaleratzeen inguruko epaiketari begirakoa da. Behin eta berriro lanean hasteko eskatzen digute, eta hartu beharreko erabakiak gero hartuko ditugula, lanean hasi ondoren», kritikatu dute langileen ordezkariek.
Larunbateko bileraren inguruan atzo goizean hitz egin zuten langileen artean, proposamena ez onartu eta greban segitzea erabaki zuten. Aste honetan zuzendaritzarekin berriro biltzekotan geldituta daude Enpresa Batzordekoak. «Gu hitz egiteko prest gaude, eta erabakiak mahai baten bueltan hartu behar direla uste dugu. Baina, ez guri eskua luzatzeko eskatu eta kontu guztiak zuzendaritzaren erara eginda», diote.
Egoerari irtenbidea emateko «mila formula» aurkeztu izan dituztela diote langileen ordezkariek, «langileak kaleratu beharrean, enpresako langile guztiei lanorduak jaistea planteatu diegu. Lana banatzea, alegia». Langileen proposamenen inguruan, ordea, «zuzendaritzakoek ez dute ezer jakin nahi». ELA eta LABeko langileen ordezkarien arabera, «kondenatuta gaude mahai baten bueltan eseri eta elkar ulertzera, epaitegietatik ez da etorriko enpresarentzako irtenbidea».