Joan den ostiraletik (urriak 12) atzo, igandea, arte Azpeitian
Zezen Beltz IV. asteburuko ekitaldiak izan dira. Ostiralean, sokamutur txikiarekin eta lokal berriaren inaugurazioarekin hasi zituzten Zezen Beltzekoek antolatutako ekitaldiak. Lokal berria Izarraitz pilotalekuaren sarreraren ondoan dute, eta Luis Angel Etxeberria
Zapatei eta Iñaki Urkia sokamutil ohien eskutik inauguratu zuten. Ostiral arratsaldean, berriz, Artzubia kalean ibili ziren zezenak. Larunbat arratsaldean, Azpeitiko, Soraluzeko eta Hernaniko taldeen arteko zezen jolasak izan ziren zezen-plazan. 1.200 lagun inguru bildu zen ikuskizuna ikustera. Azkenengo ekitaldiak atzo, igandea, izan ziren. Eguerdiartean sokamutur txikia eta saiheski eta oilasko errearen pintxoekin postua antolatu zituzten Zezen Beltz taldekoek. Arratsaldean, berriz, nahiz eta eguraldi oso txarra egin Zezen Beltzeko kideek antolatutako ikuskizuna egin egin zuten zezen-plazan. Antolatzaileen arabera 400 lagun inguru bildu zen zezen-plazan antzezpena ikustera. Aurtengo ekitaldiak, haur eta gaztetxoentzako zezen txikiekin bukatu zituzten.