Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatu zen hogeita hamaseigarren aldiz atzo, eta azpeitiarrak nagusitu ziren beste behin saioan. Jon Ibarguren eta Idoia Besada Azpeitiko bikoteak irabazi zuten txapelketa, 122 puntu lortu ondoren. Halaber, bigarren postua ere Azpeitiara joan zen; Amets Amubieta eta Maialen Aldalurrek jaso zuten saria, lehenengoengandik sei puntutara geratu ostean. Estreinaldi ezin hobea egin dute Amubietak eta Aldalurrek, lehenengo aldia izan baita nagusien mailako txapelketan lehiatu direla. Hala, Guillermo Areizaga Saria ere jaso dute, estreineko aldiz parte hartu dutenen artean ongien sailkatu direlako. Ibargurenek eta Besadak, berriz, Dantza Jantzien Saria ere jaso dute.
Bi bikote horiez gain, Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga azpeitiarrak ere lehiatu ziren atzo Seguran. Horiek ere debuta izan zuten nagusien mailan, eta seigarren postua lortu zuten, 100,50 puntukin.
