Berriz erabiltzeko ontziei esker, ehuneko 14 murriztu da zaborra Azpeitian jaietan

Ane Olaizola 2012ko urriaren 12a

Azpeitiko Zero Zabor taldeak herriko festetako txosna-guneko edalontzi berrerabilgarrien inguruko balantzea egin du. «Ia %14 murriztu da edalontziekin sortutako zaborra», adierazi du taldeak. Hala ere, hondakinen bilketa sistema «lehentasunezkoa» dela deritzo taldeak, berriz erabiltzeko edalontzi asko «galdu» direlako. Ekonomikoki, berriz, edalontzi berrerabilgarrien eraginez 5.477,89 euro gutxiago gastatu dela nabarmendu dute. Hori hala, Azpeitiko Zero Zabor taldeak jakinarazi du Urola Erdiko Mankomunitatearekin bilduko dela. Azkoitian, «helburua beteta» Azkoitiko Zero Zabor Taldeak, berriz, Hondakinik gabeko erosketa egin zuen pasa zen asteburuan, eta emaitzak Torre Zuri erakustokiko erakusleihoan daude ikusgai orain. Antolatzaileek supermerkatu batean eta herriko dendetan produktu ber-berak erosi dituzte, bakoitzean sortzen diren hondakinak alderatzeko. Batean, erosketa ez arduratsua egin dute, eta bestean, berriz, arduratsua. Lehenengoan, bi kaxa hondakin sortu dituztela adierazi dute, eta bigarrengoan, berriz, magdalena paperak soilik bota dituzte zaborretara. Zero Zabor Taldeak egitasmoa «uste baino hobeto» irten zaiela adierazi dute, «helburuak» bete dituztelako. Torre Zuriko erakusleihoan, bertan grabatu zuten bideoa ere ikus daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide