Elkarlanerako bide berri bati ekin diote Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta Burnibidearen Euskal Museoa Fundazioak. Aurreneko emaitza kulturgunean hasi berri den
Trena eta kultura zikloa izan da. Hasiera
Urolako Trena: azken bidaia erakusketarekin eman diote. Hilaren 30era arte kulturgunean egongo da. Bihar, berriz,
Norteko ferrokarrila. Trena bertsolarien begietan gai hartuta, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Mikel Aizpuruk hitzaldia emango du, 19:00etan, kulturgunean bertan.
Kulturgunearen helburuetako bat inguruko eragileekin hartu-emanak sortzea da, Aitor Bengoetxea kulturguneko kidearen arabera. Horregatik, elkarlanean zerbait antolatu nahian hainbat bilera egin dute Burdinbidearen Euskal Museoko arduradunekin, eta bide berri bati ekitea erabaki dute. «Etorkizunean fruitu gehiago emango dituen itxaropenarekin, beste tren bat jarri dugu martxan».
Bengoetxearekin bat etorri da Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioko zuzendari Maitane Ostolaza: «Trena eta Kultura zikloa, Sanagustin kulturgunearekin ekin berri dugun bidearen lehen fruitua da». Baina trenaren museoa herriko beste eragile batzuekin ere elkarlanean ari dela ekarri du gogora Ostolazak. «Azpeitiko Argazki Elkartearekin ere hainbat ekintza antolatu dugu, eta aurrerantzean ere horretan segitzeko asmoa dugu».
Azpeitiko trenaren museoaren erronketako bat museoa lurraldean ondo errotzea da. Orain
Azpeitiko Sanagustin kulturgunean hasitako ziklo honekin, museoa bera Azpeitiko herriari gerturatzea dute helburu, eta bide batez herriak museoaren ondarea ezagutuz. «Ziklo hau elkarlanaren abiapuntu izatea da nahi duguna», gaineratu zuen museoko arduradunak.
Aurreneko gida didaktikoa
Sanagustin kulturgunearekin elkarlana abiatzeaz gainera, beste hainbat ekimen ere badu martxan Azpeitiko Trenaren Museoak. Lehendabiziko aldiz haurrei zuzendutako gida didaktiko bat dute museoan,
Har ezazu trena izenburukoa. Gida hori familiek edota eskolako taldeek museora egindako bisitetan erabiliko dute. Museoko dokumentalista Eider Mendikutek zera azaldu du: «Gidaren formatua oso erakargarria eta erabili erraza da, eta haurren parte-hartze zuzena eskatzen du. Era horretan, ikaskuntza aktiboa sustatuko dugu».
Bestalde, Trenaren Museoan artxiboen katalogazioa egiten ari dira. «Erronka handienetakoa museoko artxiboaren katalogazio osoa lortzea da», aitortu dute. Katalogazioaren arduradun Iñigo Imazen esanetan, lehen fasea bukatu dute, eta berreskuratu duten dokumentazioa «berdingabea eta balio handikoa» da, eta digitalizatu egingo dute.
------------------------------------
‘Trena eta kultura’ zikloa
Egitaraua
-Urriak 30a arte. Urolako trena: azken bidaia erakusketa, Sanagustinen.
-Urriak 10, bihar. 19:00etan, Sanagustinen. Hitzaldia:
Norteko ferrokarrila. Trena bertsolarien begietan. Hizlaria, Mikel Aizpuru EHUko irakaslea.
-Urriak 14, igandea. 19:00etan, Sanagustinen. Antzerkia:
Bakarrik (Solitos). Komedia mutua. Azar Teatro taldea. Sarrera 5 euro. Aurrez salgai daude kulturgunean eta trenaren museoan.
-Urriak 17, asteazkena. 19:00etan, Sanagustinen. Proiekzioa eta mahai-ingurua:
Oroimenaren bidaia, Urolako trenari buruz trenaren museoak egindako dokumentala.
-Urriak 27, larunbata. Haurrentzako ekitaldiak, Sanagustin kulturgunean.
- 17:00etan, trenak egiteko haurrentzako eskulan tailerra. Ondoren, han egindako lanak trenaren museoan jarriko dituzte erakusgai.
- 18:00etan, proiekzioa.
Doraemon eta denboraren trena filma.