Azpeitiko plazak Erdi Arora egin du salto, eta urtero bezala, herritarrek ez diote muzin egin azokari. Goizean lagun ugari elkartu da plazan, eta postuetan herritarren joan etorria nabaritu da. Aurten, bederatzigarren aldiz egin dute Erdi Aroko Azoka, eta ohiko postuez haratago, kale animazioak izan dira. Halaber, musika bandaren kalejirarekin, ttuntturroekin, Itsasi Dantza Taldearen emanaldiaren eta txarangaren eta Musika Eskolako ikasleen kalejirekin osatuko dute ekimena.
Erdi Aroko Azokarekin batera, Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak Outlet Azoka ere antolatu dute, eta Berdura plazan jendetza elkartu du goizetik aurrera. Herriko saltokietako produktuak ohi baino merkeeago izanik, herritarrek ez dute nahi izan aukera galdu. Hogeita zazpi dendek hartu dute parte azokan, eta Corrugados Azpeitiako langileek ere euren protesta plazara eraman dute, eta horiek ere jarri dute euren "postua". Outlet Azoka goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, gaur eta bihar. 10:00etan zabalduko dute, eta 14:00etan itxi. Arratsaldean, berriz, 16:00etan ireki eta 20:00etan itxiko dute.
