Udala hurbiltzeko asmoz, Azpeitian bost auzo alkate aukeratu berri dituzte

Nerea Uranga 2012ko irailaren 13a

Azpeitiko Lasaok, Matxinbentak, Urrestillak, Aratz Errekak eta Nuarbek auzo alkate bana dute. Herenegun aurkeztu zituzten, eta Azpeitiko Udalak «Azpeitia hobeago baten alde borondatez lan egiteko hartu duten konpromisoa» eskertu zien. Lasaoko auzo alkatea Mari Jose Azkue da, Matxinbentakoa Xabier Mujika, Urrestillakoa Angel Mari Oiarzabal, Aratz Errekakoa Rosa Buldain eta Nuarbekoa Jabier Gurrutxaga. Auzo alkateak aukeratzeko prozesua «gardena» izan dela azaldu dute udal ordezkariek. «Edozein auzotarrek izan du bere burua aurkezteko aukera, eta bestela, auzotarrek proposatu eta erabakita aukeratu dira karguetarako». Udala herriko auzoetara gerturatzeko eta udalaren funtzionamendua aldatzeko asmoarekin aukeratu dituzte auzo alkateak. Herrian hainbat arlotan eta eremutan lanean ari diren elkarteen eta taldeen lana eta ekarpenak herriarentzako «oso garrantzitsua» direla nabarmendu du udalak. «Herritar asko daude sentsibilitate eta eremu askotako taldeetan antolatuta, eta herri hobeago baten alde boluntario lan eredugarria egiten», esan du. Talde edota elkarte horietan ari diren herritarren boluntario lan horrek «aitorpen politikoa eta babes instituzionala» behar duela gehitu du udalak. Eraginkor izateko, elkarlana Udalak kudeaketa eraginkorra izateko, udalaren eta eragileen arteko elkarlana bultzatzea «ezinbestekoa» da, «ikuspegi desberdinez osatuta ematen diren urratsak eraginkorragoak eta zuzenagoak izatea bermatzen baita». Pixkanaka udala parte hartze eredu berrietara egokitzen ari direla esan dute udaleko arduradunek. «Egiturazko aldaketa da, eta udalak behin-behinekoz onartutako ordenantzaren baitakoa». Auzo alkateak auzoetako batzarren ordezkariak izango dira, eta haien egitekoa, besteak beste, auzoetan batzarretara deitzea eta bertan hartzen diren erabakiak betearaztea izango dira. Horrez gain, auzoetako batzarretan auzorako interesgarriak diren egitasmoen berri emango dute, eta, era berean, auzorako interesgarriak diren lanak edota zerbitzuak proposatu beharko dizkiote udalari. Hau da, batik bat auzoetako herri batzordeen eta udalaren arteko zubi lana egingo dute. Horrez gain, auzoetan herritarren parte hartzea sustatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide