Lasaora burdina Extremaduratik ekartzen dutela salatu dute Corrugados Azpeitiakoek

Nerea Uranga 2012ko abuztuaren 8a

Corrugados Azpeitiako langileen grebak eta mobilizazioek abuztuan ere ez dute etenik. Aste honetan, «presioa» egiteko Corrugados Lasao enpresaren atarian biltzen ari dira; enpresa hori ere Gallardo Taldekoa baita. Atzo, gainera, euren mobilizazioek indarra izateko Lasaoko enpresa barrura sartu ziren. Corrugados Lasaon ekoizteko burdina Extremadurako Jerez de Los Caballerosetik ekartzen ari direla salatu dute Corrugados Azpeitiako LAB eta ELA sindikatuetako langileen ordezkariek. «Lehen Extremaduratik burdina ekartzen ari ziren susmoa genuen, eta egun hauetan geure begiekin ikusi dugu halaxe dela. Azpeitian egin dezakegun burdina Lasaoko lantegira Jerez de Los Caballerosen ekoitzita ekartzen ari dira. Nola ulertu daiteke hori, Corrugados Azpeitian, bost kilometrora, egin dezakegun burdina 900 kilometrotik ekartzea? Zer asmo dute horrekin? Zer lortu nahi dute», galdetu dute Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariek. Corrugados Azpeitiako langileak egun hauetan Corrugados Lasao enpresaren atarian bildu eta burdina dakarten kamioilariei euren egoeraren berri ematen ari dira. Herenegun, hainbat kamioi Ertzaintzak lagunduta sartu ziren enpresara karga uztera. «Kamioilariei gure grebaren berri emanez orri bat ematen diegu eta kargarekin ez sartzera gonbidatzen ditugu. Baina, pasabidea inorri ez diogu ukatu edo oztopatu», azaldu dute mobilizazioetan murgilduta dabiltzan Azpeitiko enpresako langileek. Burdina kanpotik ekarrita, bi enpresatako langileak elkarren kontra jartzeko asmoa dutenaren susmoa dute Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariek. «Lasaoko enpresaren aurrean egiten ari garen presio honek zer emaitza izango duen ez dago jakiterik. Baina, enpresako zuzendaritzaren jokaera ikusita, bi lantegietako langileak elkarren kontra jarri nahi gaituztenaren susmoa dugu», diote. Greba bi hilabeterako bidean Corrugados Azpeitiako langileek joan den ekainaren erdian hasi zuten greba mugagabea, eta dagoeneko gaur 55. greba eguna dute. Kaleratzeen eta ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra ekin zioten mobilizazioei, eta ordutik hainbat ekintza eta ekimen egin dute: besteak beste, Azpeitiko, Donostiako eta Bilboko BBVAren aurrean elkarretaratzeak eta kanpaldiak egin dituzte. Hilabete honetan ere geldi egoteko asmorik ez dute langileek, enpresaren etorkizuna argitzeko eskatuz eta lanpostuen alde borrokan jarraituko dutela esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide