Azpeitian saninazioak azken txanpan

Nerea Uranga 2012ko abuztuaren 1a

San Inazio bigarrena ospatzen ari dira gaur Azpeitian. Goizean, Azpeitiko udal agintariak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak eta Eusko Jaurlaritzako Isabel Zelaa elkartu dira herriko plazan. Bertan, Corrugados Azpeitiko langileak zeuden bilduta, eta Zelaari haien egoeraren berri emanez gutun bat eman eta langileen etorkizuna argitzen laguntzeko eskatu diote. Segidan, Azpeitiko Musika Bandak eta Izarraitz Txistulari Taldeak lagunduta Arana kaleraino korporazioan joan dira agintari guztiak; Azpeitiko EAJko zinegotziek ez dute parte hartu. Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak, Martin Garitano diputatu nagusia tartean, Azpeitian gelditu dira, ez dira Loiolara joan. Gainontzeko agintariak Loiolara joan eta basilikaraino korporazioan joan dira. Urtero bezala, Etxeratekoek preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin dute Loiolan, Arrupe hotelaren atarian. Etxerateko ordezkari batek, Zelaari preso politikoen inguruko txostena eman dio. Bitartean, Azpeitiko plazan V. Bakailao txapelketa hasi dute herritarrek. Gaurkoan, 33 parte-hartzailek hartu dute parte, eta Zulozabal elkarteko Aitor Bastidak eta Jeronimo Muñozek irabazi dute. Epaimahaia: Mikel Aranburu futbolari ohiak, Juantxo Ibarmia sukaldariak eta Leire Betegi eta Maria Luisa Irulegi herritarrek osatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide