San Inazio Eguna dute gaur Azpeitian, eta ohi bezala, ekitaldi erlijiosoak izan dira nagusi goizean. Udal Korporazioa parrokiara joan da udaletxe aurretik, herriko musika bandaren laguntzarekin. Hala ere, aurtengoan EAJ taldeak ez du parte hartu ekitaldian, Azpeitiko Udaleko alderdi politikoen artean dagoen "elkarbizitza faltarengatik". "Alkateak ez digu jaramonik egiten, eta bere gehiengo absolutuaren atzean babestuta, EAJ-PNVko zinegotziok egin dezakegun gauza bakarra da barruko egoera tamalgarri hori Azpeitiko herritarron aurrera ateratzea", adierazi dute jeltzaleek. Hori hala izanik, Loiolara egiten duten ibilaldi "zibikora" ere joango ez direla aurreratu dute, ezta bihar egin ohi duten bazkarira ere. Era berean, zezenketetako presidentzia ere euren gain hartzen ez dutela adierazi dute. Dena den, parrokiatik egin duten prozesioan izan da Azpeitiko EAJ, eta gainontzeko ekitaldi erlijiosoetan ere izango direla adierazi dute. Hain zuzen, herriko apaizek eta Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzaiak eta herriko apaizekin batera egin dute udal ordezkariek prozesioa kaleetan zehar. Ondoren, meza santua izan dute parrokian, eta Julian Barrenetxea abesbatzak kantatu du bertan.
Eguerdian, berriz, zezen txikiekin entzierroa egin dute umeek, eta ondoren Done Jakue kalean horiekin jolas egiteko aukera izan dute. Bitartean, Azpeitiko Udal Musika Bandak San Inazio Eguneko kontzertua eskaini du Sanagustinen. Goraino bete dute herritarrek aretoa.

