Erakunde askoren arteko bi urte eta erdiko elkarlanak eman du emaitza: Emakumeenganako indarkeriaren kontrako protokoloa egin, eta hori betetzeko konpromisoa sinatu berri dute. Gizarteko arazo larrienetako bati erantzun eraginkorra emateko tresna, eta urteetan mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek eskatutako erreminta dela azaldu dute Azpeitiko Udaleko ordezkariek.
Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Parekidetasun Sailak eta Udaltzaingoak, Lanbidek, Ertzaintzak, Osakidetzak eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Urola Ikastola BHIk, Iraurgi Ikastetxeak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik landu eta sinatu dute indarkeria sufritzen duten emakumeei arreta emateko protokoloa. Indarkeria jasan duten emakumeei ahalik eta arreta onena ematea du helburua. «Elkarlanean hobeto aritzeko tresna da».
Protokoloa joan den asteazkenean aurkeztu zuten Sanagustinen, eta han azaldu zutenez, Azpeitiko Udala aitzindarietakoa da honelako erreminta bat martxan jartzen, «eta zoriontzekoa da».
Protokoloa lantzeko bi urte eta erdiko bidean erakundeek egindako lana nabarmendu du Leire Etxaniz Azpeitiko Parekidetasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak: «Erakundeek protokoloa egiteko izan duten parte hartzea, egin duten lana eta edukitako inplikazioa azpimarratzekoa da».
Protokoloa indarrean izateko, udalak bitarteko guztiak jarriko dituela ere esan du Etxanizek. Horrez gain, indarkeria kasuen aurrean Bilgune Feministak deitzen dituen elkarretaratzeetan parte hartzeko eskatu die herritarrei, «horrek ere garrantzia duelako». Emakumeen kontrako indarkeria bukatzeko «gogor ari diren» Emakumeen Mahaikoei, Bilgune Feministakoei eta norbanakoei eskerrak eman zizkien zinegotziak.
Eman pausoa da emakumeen kontrako indarkeriaren protokoloa aurkezteko eta zabaltzeko leloa. «Leloak esaten duen bezala, emakumeen kontrako indarkeria bukatzea denon esku dago, eta denon ardura da. Beraz, bakoitzak eman dezala pausoa», nabarmendu du Etxanizek. Herritar bakoitzak bere alea jarri eta ekimena har dezan, festetako programarekin batera txartelak banatu dituzte etxeetara.
Denean eta denok
Azpeitiko Bilgune Feministaren arabera, azken urteetan emakumeen kontrako indarkeria kasuek gora egin dute, eta batzuk ekarri dituzte gogora: «Amaia Azkueren hilketa, Nuarbeko erasoa, atxiloketak, sexu eraso saioak... Horiez gain, isilpean gordetzen diren hamaika tratu txar kasu ditugu herrian».
Protokoloak, «erakundeetatik erantzunkizunez jokatu, eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean pausoak emateko» ahalegina dela uste du Bilgune Feministak. «Baina «z da arazo guztien irtenbidea izango. Azken finean, erakundeek eurek iraunarazten dituztelako emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak». Bilgunekoen ustez, emakumeen kontrako indarkeria bukatzeko «erakundeetatik aurrera eramaten diren politika guztietan eragin behar da».
Bilgunekoen ustez, erakundeez gain herritarrek ere arduraz jokatu behar dute indarkeria kasuen aurrean. «Gure inguruan gertatzen diren kasuetan herritarrok baitugu esku hartze zuzenena».