Auto Klasikoen Azpeitiko IX. Rally-a jokatuko dute asteburuan

Onintza Lete Arrieta 2012ko uztailaren 19a

25 urte baino gehiago dituzten autoak nor baino nor ariko dira asteburu honetan Azpeitiko errepideetan, Auto Klasikoen Azpeitiko IX. Rally-an. Lehiaketa larunbatean 11:00etan hasiko da Azpeitiko Epaitegi aurreko plazatik abiatuta. Urraki, Errezil, Etumeta, Aizarna, Endoia, Azkoitia, Aia eta Zarautz inguruan ibiliko dira. Errezilgo Letea jatetxean bazkalduko dute parte-hartzaileek eta bertan ikusi ahalko dira autoak 13:00ak aldean.  20:20 inguruan bueltatuko dira hasierako tokira. Ondoren, afaria egingo dute Pastorkua jatetxean. 305 kilometro egingo dituzte guztira, eta %80 kronometratu egingo dute. Trafikoa ez dute moztuko, eta beraz, edozein ezustekok denbora galduarazi diezaiokete lehiakideei. Horregatik, antolatzaileen ustez "zaila" da faboritoak aurreikustea. 30 gidarik hartuko dute parte, Euskal Herrikoak gehienbat. Iazko irabazleak, esaterako, Azpeitian izango dira aurtengoan ere: Antonio Cancelo eta Fernando Beorlegi. Hala ere, oraingoan ez dute elkarrekin lehiatuko. Joxe Labaka azpeitiarrak ere hartuko du parte Citroën Visa GTI auto batekin (iaz bigarren egin zuen).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide