Bakailao lehiaketarako izena hilaren 27rako eman behar da

Nerea Uranga 2012ko uztailaren 19a

Abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenez, Bosgarren Bakailao Txapelketa jokatuko da, 11:00etan hasita. Txapelketan parte hartzeko izena emateko orriak banatu ditu Haujijijai Festa Herrikoien Batzordeak herriko tabernetan, eta hoiek beteta udaletxera eraman beharko dira uztailaren 27a baino lehen. Bestela, 943 157068 telefono zenbakira deitu beharko da izena emateko. Parte hartzaile kopurua mugatua izango denez, izena lehenbailehen ematea komeni da. Aurtengo txapelketak ere aurreko urtekoek izandako arrakasta izatea espero dute antolatzaileek, eta bertan parte hartzera animatu dituzte bereziki «urte guztian sukaldean jo eta su lanean jarduten duten emakumeak». Aurrekoetan bezalaxe, parte-hartzaileek kilo bat bakailao prestatu beharko dute, pil-pil eran. Oinarrizko osagaiak Festa Herrikoien Batzordeak jarriko ditu: bakailaoa, olioa eta baratzuria. Norbaitek beste osagairen bat gehitu nahiko balio, norberak eraman beharko du. Lurrezko ontzia ere parte-hartzaileek eraman beharko dute, baina sua eta mahaiak antolatzaileek antolatuko dituzte. Ondoren, ohi bezala bazkaria Txapelketaren egunean, 11:00-etan hasiko dira sukaldatzen, eta talde bakoitzak 40 minutu izango ditu bakailaoa prestatzeko. Epaimahaia, urtero ohi bezala, sukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatuko dute. Puntuazioa emateko orduan, jakiaren aurkezpena, saltsaren puntu egokia eta zaporea hartuko dituzte kontutan. Bakailao txapelketa bukatutakoan 200 lagunentzako bazkaria izango da azoka plazan. Otordurako txartelak egunean bertan jarriko dituzte saltzen, herriko plazan. Bazkaria ondo joateko txapelketarako sukaldatutakoa bertan uzteko eskatu dute antolatzaileek, baina norbaitek berak prestatutakoa eraman nahiko balu 60 euro ordaindu beharko lituzke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide