Hamasei errekortarik hartuko dute parte igandean Azpeitiko zezen-plazan jokatuko den Errekortari 2012 lehiaketako lehen finalerdian eta Zezen Beltz Sarian. 18:30ean hasiko da. Gaur egungo «errekortari onenak» ariko direla azaldu dute antolatzaileak diren Zezen Beltz taldeak, Azpeitiko Udalak eta Taurovision enpresak. Baina «Espainiako onena» faltako dela adierazi zuen aurkezpenaren bukaeran Migel Zendoiak, atzo bertan herritar batekin izandako anekdota kontatuz: «Herritar batek galdetu dit, errekortari txapelketara Espainian errekorte onenak ematen ari dena ekarri behar al dugun. Mariano Raxoi ekarri behar al dugun, alegia». Espainiako Gobernuko presidentea ez da bertan izango, baina ikuskizuna emozioz betea izatea espero dute.
Bi errekortari bergararrak dira, Azpeitiko sokamuturrean-eta ibiltzen direnak: Iker Agirre
Txili eta Unai Arano
Xurra. «Zezen Beltzekoei Azpeitian parte hartzeko gogoa azaldu ziguten, eta aukera hori eman diegu», azaldu du Zezen Beltz taldeko Mikel Odriozolak. Horiez gainera, aurten Iruñean txapeldunorde gelditu den Mikael Romero
Mika baionarra ere izango da. Baita ere, Jonatan Estebanez
Peta Espainiako Ligako korteko txapelduna; Julian Gomez
Carpio jauzietan bost aldiz Espainiako txapelduna; Asier Guerra, gasteiztarra; Sergio Delgado, sei aldiz Espainiako txapeldun izandakoa; Raul Ramirez;
Chipu de Arganda, aurtengo Iruñeako txapelduna; Dani Alonso; Sergio Urrutikoetxea; Sergio Valle; Eduardo Verdes; eta, Eloy Pueyo.
Lau errekortariko lau multzotan banatuta ariko dira, eta lehen zortzi onenak Tafallan jokatu den finalerako sailkatuko dira. Lau lehenenak, berriz, Zezen Beltz saria jokatuko dute. Bigarren finalerdia abuztuaren 7an jokatuko da Lizarran eta finala abuztuaren 17an Tafallan. Lehiaketako irabazleak, txapelaz gainera, 6.006 euroko saria jasoko du. «Penintsulan ematen den saririk garrantzitsuena dugu hau», azaldu dute antolatzaileek.
Nafarroako Macua ganadutegiko zezenak ekarriko dituzte. «Bost zezen aterako dira, multzo bakoitza zezen batekin ariko da eta bosgarren zezenarekin jokatuko da Zezen Beltz saria», azaldu du Odriozolak.
Sarrerak salgai
Iaz bezalaxe, zenbakitutako eta gabeko sarrerak atera dituzte. Zenbakitu gabeak dagoeneko salgai jarri dituzte Azpeitian Pastorkuan, Juantxo Txikin, Ametsan, Iraurgi SBn, Artzubian, Eguzkitzan, Negudan, Etxe Zurin, Jim Clarren eta Diegon, eta, Azkoitian, Elurre kafetegian. 4 urtera artekoek doan izango dute sarrera, 5 urtetik 14 urtera 10 euro eta 15 urtetik aurrerakoek 15 euro.
Zenbakitutako sarrerak erosteko mahaiak jarriko dituzte udaletxeko arkupetan bihar, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean, 12:00etatik 14:00etara. Barrerarako sarrera 25 euro izango da, palkokoa 22 eurokoa eta gradako lehen lerrokoa 20 euro.
Igandean, errekortari txapelketa hasi aurretik 17:00etan irekiko dute zezen-plazako leihatila. Antolatzaileek aurrez sarrerak erosteko eskatu dute, «bestela egunean bertan ilara luzeak sortzen direlako».
Azpeitiko ikuskizuna Euskal Telebistak grabatuko du eta uztailaren 29an, 21:00etan, emateko asmoa dute, «programazioan aldaketarik ez bada gertatzen»