Corrugados Azpeitia enpresako langileak Donostian izan dira gaur, BBVAren egoitzaren aurrean protesta egiteko. Azpeitiko lantegiak zorrak ditu, eta hartzekodun nagusia BBVA da. "Gure tailerrak zorrak ditu, eta BBVA da akreedore nagusia, baina bankuak oraindik ez du adierazi zein asmo dituen lantegiarekiko", azaldu du Esteban Camposek, enpresa batzordeko LABeko ordezkariak. "BBVA presionatzen saiatu behar dugu".
Langileek eta Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak ez dute erregulazio txostenaren gaineko akordiorik lortu. Eta zuzendaritzak edo hartzekodunek lantegiaren etorkizuna argitu ezean, Donostiako Askatasunaren Etorbidean bi egunez kanpaldia egiteko prest agertu dira langileak.