Joxin Aizpuru
Aizpuru III.-a (Azpeitia, 1993), Jagoba Labaka (Azpeitia, 1991) eta Unai Otaegi (Azpeitia, 1992) erremontistek profesionaletan debuta egingo dute etzi, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Azpeitiarrekin batera, Ezkurra II.a doneztebearrak ere profesionaletarako saltoa egingo du. Oriamendi 2010 erremonteko enpresarekin jardungo dute. Hauek gehituta, erremonte profesionalean Azpeitiko bederatzi erremontista ariko dira, gaur egun dabiltzan beste azpeitiarrak dira: Igor Agirrezabala, Aritz Etxeberria
Etxeberria IV.a, Ion Etxeberria, Xuban Oiarzabal
Matxin III.a, Eñaut Oiarzabal
Matxin VI.a eta Urko Etxeberria.
Azpeitiko hiru erremontistek espero zuten profesionaletan aritzeko aukera emango zietela, baina ez horren azkar. Hala esan dute: «Ezustekoa izan da orain debutatzeko aukera ematea. Espero genuen profesionaletara pasatzea, baina abuztuaren bukaeran edo irailean esango zigutela uste genuen». Larunbatean Galarretan profesionaletarako emango duten jauzia «ametsa betetzea» izango da Unai Otaegirentzako. Jagoba Labakari, berriz, «izugarrizko ilusioa» egiten dio. Joxin Aizpuruk, berriz, horrela definitu du: «Inoiz ahaztuko ez dudan eguna izango da».
Eskuz jardundakoak
Hirurak erremontean hasi baino lehen esku pilotan ibilitakoak dira. Joxin Aizpururi aitarengandik datorkio erremonterako zaletasuna; Pello Aizpuru du aita, erremontista izandako. Hala adierazi du: «Ni aurretik esku pilotan ibilitakoa naiz, baina aita erremontista profesionala izan zen, eta beti izan dut afizioa». Otaegiren arabera, Azpeitian erremonterako zaletasuna dago. «Eta pilota modalitate hau ikusgarria da, eta beti egin zait erakargarria». Labakarentzako, berriz, erremontea probatu artekoa izan zen. «Probatu egin nuen, eta gero segi egin diot, gaur arte».
Profesionalekin batera aritzea badakite zer den hiru erremontistek. Izan ere, aurten Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketan jokatzeko aukera izan dute. Aizpuru III.a, gainera, finalera iritsi zen, Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a bikote zuela.
Etzi, 16:00etan
Etzi bikoteka elkarren aurka jokatuko dute debuta egingo duten lau pilotariak: Ezkurra II.ak eta Labakak Otaegi eta Aizpuru III.aren kontra jokatuko dute. 16:00etan hasiko da erremonteko jaialdia, Galarreta pilotalekuan. Segidan, Zeberio II.ak eta Barrenetxea IV.ak Uterga eta Ionen kontra jokatuko dute. Hirugarren partida Kutxa txapelketakoa izango da eta Juaristi Etxeberria IV.aren aurka ariko da. Laugarrena, Urrutia II.ak eta Zubizarretak Matxin VI.a eta Saldiasen kontrakoa da.