Herri giroan eta herritarrekin bukatu du Lagun Onak futbol klubak denboraldia

Nerea Uranga 2012ko uztailaren 2a

Lagun Onak Egunarekin agurtu du oraingo honetan Lagun Onak futbol klubak denboraldia. Festa giroan, herritarrekin batera antolatutako festa egin zuten larunbatean. Egun osoko festa antolatu zuten. Garmendipeko futbol zelaian hasi zituzten ekitaldiak, eta gero herriko plazaraino ekarri zuten jaia. «Oso ondo joan da eta egun polita izan da. Aurreneko aldia izanik, hurrengo urteetarako xehetasun batzuk zuzendu beharra ikusi dugu. Baina, orokorrean, haurrek-eta oso ondo pasatu zuten», azaldu du Mikel Izurieta Lagun Onakeko presidenteak. Futbol klubaren egunarekin, Lagun Onak-ek inguruan biltzen dituen gurasoak eta zaletuak elkartzea nahi izan dute: «Azken batean, jendea erakarri nahi genuen, eta alde horretatik positiboa izan da», gaineratu du Izurietak. Eguerdira bitarteko ekitaldiak Garmendipen egin zituzten. Mailaz maila, hainbat futbol partida jokatu ziren bertan. Azken partida beteranoen artekoa izan zen. Lagun Onak-ek Eibarren kontra jokatu zuen, eta azken hauek izan ziren nagusi 1-3 irabazita. Klubaren eguna ospatzeaz gainera, egoera ekonomiko kaskarrari aurre egiteko «diru pixka bat» biltzea ere helburu zuten futbol klubekoek; horretarako, klubeko arropa saltzeko mahaia, tonbola eta bazkidetzak egiteko mahaia ere jarri zituzten futbol zelaiaren inguruan. Realeko Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez eta Mikel Labaka futbolariak ere haurren artean sinadurak banatzen eta argazkiak ateratzen aritu ziren Garmendipen. Haur parkea ere jarri zuten, kiroldegiaren ondoko aparkalekuan. Atracciones Sanz enpresak jarri zituen puzgarriak eta bizikletak goiz eta arratsaldez. Lagun Onak osatzen duten denen argazkia atera ondoren, festa herriko plazara eraman zuten. Lagun Onak-en denboraldi bukaerako bazkaria azoka plazan egin zuten kluba osatzen dutenek eta nahi izan duten herritar guztiek. Bazkalostean, denboraldian lan ona egin duten jokalariei garaikurrak banatu zizkieten, azoka plazan bertan. Baina, aurretik, Iñigo Saizar eta David Tejera Lagun Onak-eko gizonezkoen lehen taldeko jokalariei omenaldia egin zieten, erretiroa hartu dutelako. Mailaz maila eta taldez talde jokalari onenen eta goleatzaileen artean garaikurrak banatu zituzten segidan. Honakoak izan dira klubaren aipamena jaso dutenak: Monik Valor eta Izaro Zinkunegi, Olatz Erkizia eta Lorea Rueda, Beñat Uranga eta Iñigo Illarramendi, Andoni Cardenas eta Iñigo Uria, Xuban Peña eta Julen Aranburu, Aitor Azpiazu eta Joseba Zubillaga, Yerai Garcia eta Julen Uria, Asier Aranbarri eta Ander Donazar, Gorka Ariño eta Julen Iparragirre, Aritz Alberdi eta Aitor Salegi, eta Gorka Blanco eta Iñigo Saizar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide