Aurten ere «zezenei garrantzia emanez, baina kalitatezko toreatzaileekin uztartuz» antolatu ditu Azpeitiko Zezenzale Batzordeak saninazioetako zezenketak. Atzo aurkeztu zuten kartela. «Urtetako ereduaren jarraipena» da aurtengoa, azaldu dutenez. Joxin Iriartek, zezenzale batzordearen lehendakariak azaldu duenez, «kartel borobila» osatzen saiatu dira, «zezenzaleek zezenak ikusteko duten gogoa asetzeko».
Jabier Beobidek, Zezenzale Batzordeko kideak eman du egitarauaren berri. «Aurten desenkajonamenduaren eguna aldatu egin dugu. Orain arte Santio egunez egiten zen, baina aurten asteguna denez, uztailaren 29an izango da». Azken urteetan bezala, hiru zezenketa izango dira aurten: San Inazio bezperakoa, San Inazio egunekoa eta San Inazio bigarrenekoa. Escolar, Palha eta Valdefresno ganadutegietako animaliak ekarriko dituzte aurten. Portugalgo Palha dagoeneko klasikoa da Azpeitiko zezenketetan, baina Escolarreko zezenak aurreneko aldiz ekarriko dituzte Azpeitiko zezen-plazara. «Azpeitian zezenaren aldeko apustua egin behar dugu, eta horren adibide, aurten Palhakoak ekarriko ditugu. Bost-sei urtean ekarri ditugu, eta zezen onak izan dira».
Toreatzaileen artean, berriz, aurreneko zezenketan Serafin Marin, Sanchez Vara eta Esau Fernandez ariko dira.Azken honek Azpeitian aurreneko aldia izango du. «Agian beste zezen batzuekin hobeto moldatuko litzateke Esau, baina ilusio handia zuen Azpeitira etortzeko, eta aurreneko zezenketan horretan egin diogu lekua».
San Inazio eguna
San Inazio egunez, Antio Ferrera, Alberto Aguilar eta Paco Ureña ezpatariak ariko dira. «Zezenketa borobila izango da. Iaz Ureñak belarri bat moztu zuen, eta aurten ere poz bat baino gehiago eman diezaguke zezenzaleoi», dio Iriartek. Aguilarrek aurkezpenean parte hartu du, eta Azpeitira gustura etortzen dela azaldu du. «2010ean zezenketa ona egin nuen Azpeitian, eta horri esker Logroñon (Errioxa) aritzeko aukera izan nuen. Iaz ere etorri nintzen, eta aurten ere horretarako aukera eskaini didatelako gustura nago. Azpeitian ondo aritzeak oihartzun handia izan ohi du». Zezenketa onak egiten ari dela azaldu du Aguilarrek, eta Azpeitian ere hala jardun nahiko luke. «Azpeitiko zaleei espektakulu ona eskaintzeko asmoarekin etorriko naiz».
Aurtengo hirugarren eta azken zezenketan Ivan Fandiño, David Mora eta Daniel Luque ariko dira. «Zezenketa polita izateko asmoarekin ekarriko dugu hirukote hau, denboraldi ona egiten ari direlako».
Laburtuz, «kalitatezko zezenak kalitatezko toreatzaileekin lotu» nahi izan dituzte.
Azpeitiko Udalaren izenean, festa zinegotzi Mikel Ibarzabalek Azpeitiko Zezenzale Batzordeak egiten duen lana nabarmendu du. «Azpeitiak ehun urtetik gorako zezenetarako tradizioa du, eta merezi du Azpeitiko festez gozatzera etortzeak», adierazi zuen aurkezpenean.
Saninazioetako zezenketetako egitaraua
Uztailak 29, igandea
-18:30. Desenkajonamendua, Azpeitiko zezen-plazan. Saninazioetako zezenketetan toreatuko diren zezenak aterako dituzte.
Uztailak 30, astelehena
-18:00. Saninazioetako lehen zezenketa. Ganadutegia: Jose Escolar Gil (Lanzahita, Avila, Espainia). Toreatzaileak: Sanchez Vara, Serafin Marin eta Esau Fernandez.
Uztailak 31, asteartea
-18:00. Bigarren zezenketa. Ganadutegia: Palha (Portugal). Toreatzaileak: Antonio Ferrera, Alberto Aguilar eta Paco Ureña.
Abuztuak 1, asteazkena
-18:00. Hirugarren eta azken zezenketa. Ganadutegia: Valdefresno (Tabera de Abajo, Salamanca, Espainia). Toreatzaileak: Ivan Fandiño, David Mora eta Daniel Luque.