2008. urtetik hondakin organikoak biltzeko edukiontziak edota bosgarren edukiontziak martxan daude Azpeitian, baina gaur egun birziklatzen den hondakin kopurua %27 da. Kopurua txikia da, eta udalaren ustez birziklatze tasa hobetzeko hondakinen bilketa sistema hobetu beharra dago, «hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko apustua eginez». Ondorioz, Azpeitiko Udal Gobernua hondakinak biltzeko sistema desberdinak aztertzen ari da. Hala ere, nabarmendu dute ez dutela gaikako sistema anitzen inguruko erabaki zehatzik hartu.
Udalean parte hartzen duten alderdi guztiek esanda bezala, «gaia patxadaz aztertzeko» asmoa dute herrian. Hala esan du Leire Etxaniz zinegotziak (Bildu). Horregatik, Udaleko Ingurumen Batzordean hondakinen bilketa sistema berriaren inguruko eztabaida abiatuko dute, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartuz. Kasu honetan ere, alderdi guztien artean «modu eraikitzailean» lan egin beharra dagoela nabarmendu du Etxanizek. Hala, beste alderdiei «modu positiboan aritzeko» eskatu die, era horretan oinarrizko adostasuna bilatzeko. «Gaur egun dauden hondakinak biltzeko hainbat ereduren artean Azpeitiarentzat egokiena zein den zehaztea» izango da aldeen artean emango den eztabaidaren helburua.
Oinarrizko adostasun batera iristen saiatu ondoren, Udalak eragileei eta herritarrei proposamenaren berri emango die. «Gero, parte hartze prozesu baten bidez, herritarrekin Azpeitiko hondakinen bilketa sistema berria osatzeko neurriak erabakitzeko», azaldu du Etxanizek. «Herrian hondakinen bilketa sistema aldatu beharra daukagu, birziklatzea gehitu nahi badugu. Kontua Ingurumen batzordean aztertuko dugu, gero herritarrengana eskuan proposamenen batekin joateko».
Prozesua gardena izateko ahaleginak egingo dituztela azaldu dute Udaleko ordezkariek, «uneoro informazioa emanez, hala herritarrak hondakinen gaiaren inguruan informazio osoa izan dezaten».
Lapatxen ate irekiak
Bide horretan, eta hondakinen gaiarekin herritarrekin egindako bileretan jasotako eskaerari erantzuteko, larunbatean Lapatx zabortegian ate irekien jardunaldia antolatu dute. 10:30etik 12:30era bitartean izango da, eta Lapatxerako autobusak 10:30ean irtengo du anbulatorio aurretik.
Lapatxen, zabortegia, konpost planta eta garbigunea ikusteko aukera egongo da, «hondakinen tratamendua nola egiten den azalduko da bertan». Horrez gain, Juan Karlos Alduntzin diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen hondakinen kudeaketarako planaren berri emango du. Azpeitiko Udaleko ordezkariek herritarrak Lapatxeko ate irekien saioan parte hartzera animatu dituzte.
Hondakinen inguruko eztabaidak zerbait positiboa ekarri badio Azpeitiari, «jendea kontzientziatzea» izan dela azaldu du Etxanizek, «hori antzeman egiten da, eta jendea gehiago birziklatzen ari da».
Bideragarritasun plana egiten
Urola Erdiko Udal Elkarteko lehendakaria ere bada Leire Etxaniz, eta bertan udal elkartea osatzen duten zazpi herrientzako (Aizarnazabal, Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Beizama, Bidegoian eta Zestoa) bideragarritasun plana aztertzen ari direla azaldu du. Uztailaren erdirako prest izatea espero dute. «Bideragarritasun planaren baitan hondakinen tasak ere aztertuko dira, izan ere gaur egun herritarrek ordaintzen dugunarekin defizitarioa da», gaineratu du.