Amaitu da Iraurgi Cup futbol 8ko txapelketa. «Bukatu da, baina hasi gara datorren urtekoari begira», dio Meliton Rodriguezek, Iraurgi Cup kirol klubekoak. Gustura gelditu dira antolatzaileak txapelketarekin. «Giro bikaina izan da, kirol maila ona, eta jendetza bildu da Garmendipeko futbol zelaietan», azaldu du.
Herenegun jokatu zituzten azken partidak, eta iaz bezalaxe, aurten ere finala Espanyol eta Sevillaren artekoa izan da. Kataluniarrak izan dira txapeldunak, 3-1 irabazita.
11 urteko mutilen 32 taldek hartu dute parte Iraurgi Cup kirol klubak antolatutako txapelketan; denera, 600 lagunetik gora lehiatu dira norgehiagokan. Ostiralean aurrekanporaketako partidak jokatu zituzten 16 taldeek, eta lauk ligako kanporaketa jokatzeko txartela lortu zuten: Gazte Berriak, Bansander, Kostkas eta Alaves taldeek. Hala goi mailako taldeen kontra jokatzeko aukera izan zuten; Bilboko Athletic, Sevilla, Lagun Onak A, Girondins, Osasuna, Valencia, Valladolid, Villarreal, Atletico Madrid, Racing, Anaitasuna, Espanyol, Iraurgi Cup, Malaga, Reala, Barcelona eta Malagaren aurka.
Herenegun sari banaketan Azpeitiko Lagun Onak futbol klubeko, Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Futbol Federazioko eta Iraurgi Cupeko ordezkariekin batera, Jon Izagirre eta Mikel Landa Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek ere hartu zuten parte. Afiziorik onenaren saria Sevillako jarraitzaileek jaso dute; jokalari onenarena Dani Villahermosak (Espanyol); atezain onenarena Joan Compaynk (Valencia); eta, joku garbiaren saria Bilboko Atlhetic taldeak jaso du.
Argazki galeria hemen ikus daiteke.