Atzo arratsaldean (ostirala), 19:30ean egin zuten Azpeitiko Sanjuandegi auzoan Amona Mantagorriren jaitsiera. Jendetza bildu zen auzoan hura ikusi eta giroaz gozatzeko. 21:00ak inguruan Gazte Afariari hasiera eman zioten 450 bat lagunek. Hori amaitu eta segituan hasi ziren Belar txarrak taldekoak jotzen karpan. Karpa goraino beteta egon zen, beste bi kontzertuak amaitu bitartean. Atzetik, Arcada Social eta Laketek jo baitzuten. Bien bitartean, agertoki handian Aretoko dantzen erakustaldia izan zen; heldu zein haurrak izan ziren beraien abilezia erakusten.
Parranda gaur goizera arte ez da amaitu, baratxuri zopa jana izan baita eguna ondo hasteko xedearekin.