Odei Barrosok eraman du txapela

Nerea Uranga 2012ko martxoaren 27a

Joan den ostiral iluntzean erabaki zen VI. Erniarraitz Sariketako txapela norentzat izango zen. Azpeitiko gaztetxean jokatu zuten azken lehia, eta Odei Barrosok irabazi zuen. Urruñarrak Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide Eduardo Larrañaga Kaminburu-ren eskutik jaso zuen txapela. Azken urteetan bezala, jende asko bildu zen Azpeitiko gaztetxean azken bertso saioaz gozatzeko. «Ostiralean ere bete egin zen gaztetxea. Ia 300 lagun bildu ziren bertan. Bertso plaza ederra da Azpeitiko gaztetxea, goxoa oso», adierazi dute, ezin gusturago, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideek. Fiinala erabakitzeko hiru kanporaketa jokatu dituzte txapelketan: Azpeitian, Errezilen eta Azkoitian, bana. Finalerako txartela, Odei Barrosoz (Urruña, Lapurdi) gainera, Aimar Karrikak (Auritz, Nafarroa), Eneritz Artetxek (Azkoitia), Aitor Urbietak (Zarautz), Arrate Illarok (Algorta, Bizkaia) eta Amaia Iturriotzek (Urretxu) lortu zuten. Finaleko gidari lanak Gurutze Oiarzabalek egin zituen. Urruñara joan zen txapela Barrosoren eskutik, Urbietarentzako izan zen bigarren postua. Bertso onenaren saria ere jaso zuen zarauztarrak, kartzelakoan botatako lehen bertsoari eskerrak. UROLA KOSTAKO HITZA-ren eskutik jaso zuen saria. Iturriotzentzat izan zen 3. postua, eta, hurrenez hurren, Illaro, Artetxe eta Karrikantzat 4.a, 5.a eta 6.a. Jende asko bildu bazen ere, eta gogoratzeko moduko bertsoren bat edo beste izan bazen ere, finala ez zen «punta-puntako» saioa izan, Erniarraitzekoen arabera. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak sariketako finaleko saioaren laburpenaren bideoa Interneten jarriko dute, hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide