Jabetze Eskolak 5 ikastaro eskainiko ditu ekaina bitartean

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 3a

Azpeitiko emakumeentzako Jabetze Eskolak ikasturtearen lehen aldia bukatu eta hil honetan bertan bigarrenari ekingo dio. Hala, ekainera bitarterako bost ikastaro antolatu ditu: Eraginkortasunez komunikatzen ikasi: asertibitatea eta giza trebetasunak; Generoa eta umorea: umorez gozatu; Nomantxakolorea, hilekoa birpentsatzen tailerra; Gure buruaren jabe. Praktika feministarekin autoestimua lantzen!; eta, Autodefentsa tailerra. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta otsailaren 10era arte dago horretarako aukera. Izena, 11:00etatik 13:00etara udaletxeko Parekidetasun Sailaren bulegoan edota asteartetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara, Emakumeen Txokoan eman daiteke. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek haurtzaindegi zerbitzua ere badute, baina erabiltzeko aurretik jakinarazi behar da. Otsailaren 13tik ekainaren 4ra, astelehenetan, Pepa Bojok Eraginkortasunez komunikatzen ikasi izenburua duen 28 orduko ikastaroa emango du. Bojo dagoeneko ongi ezaguna da Azpeitian, hainbat ikastaro eman duelako. Otsailaren 18an, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era hilekoari buruzko tailerra emango dute Miren Guillok eta Mireia Delgadok. Segidan, martxoaren 30ean eta 31n autodefentsa tailerraren txanda da Jabetze Eskolaren baitan. Isa Bernalek emango du zazpi orduko tailerra. Virginia Imazekin generoa eta umorea landuko dituzte, hiru larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara: apirilaren 21ean, 28an eta maiatzaren 5ean. Ekainera bitarteko azken ikastaroa praktika feministarekin lotutakoa izango da. Edurne Epelde eta Anita Revuelta ariko dira gidari, maiatzaren 12an eta 26an. Film laburra grabatuta Joan den azarora bitartean Jabetze Eskolaren baitan Emakumea kameraren atzean ikastaroa egin dutenek film laburra grabatu eta ikusgai jarri dute Interneteko helbide honetan: www.youtube.com/watch?v=iajYLRnGUDk

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide