Soreasuko pantaila puskatu dutenez, bi astez ez da zine emanaldirik izango

Urola Kostako Hitza 2012ko otsailaren 3a

Asteburu honetako Soreasuko zine emanaldiak bertan behera utzi ditu Azpeitiko Udalak, halabeharrez. «Bandalismo zentzugabearen ondorioz, zineko pantaila puskatuta agertu da; bi zulo eta arraila bat egin dizkiote», azaldu du udalak. Horregatik, bi astetan ez da zine emanaldirik izango Azpeitian. Pantaila berria iritsitakoan Soreasu antzokian berriro zine emanaldiak ematen hasiko direla azaldu dute udaleko arduradunek. Zine emanaldiak berriro hasten direnean horren berri publikoki emango dute. Oraingoan pantaila puskatu dute, baina azken asteetan herriko zenbait gazte Soreasura sartzeagatik atzeman dituzte udaltzainek. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, horrelako gertaera gehiago ez izateko, eta izandako txikizioak argitzeko neurriak hartzen ari da. Udalak esan duenez, eraikin barrura sartzeko aukera ematen duten zuloak aurkitu dituzte, eta dagoeneko hoiek estaltzen ari dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide